Itxi

Danborrada 2018

Donostia eta Azpeitiko danborradak, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Leer en Castellano

Gainera, larunbatean haur danborrada eta bandera jaitsiera izango dira ikusgai bertatik bertara.

Gaur, Donostiako jairik ospetsuenari emango zaio hasiera gauerditik aurrera. Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean jarraituko du aurtengo danborrada, 22:15ean abiatuko den 'Danborrada Gaua' emanaldi bereziaren baitan. Imanol Artola, Maite Eskarmendi eta Naiara Gago Donostiako Konstituzio plazan izango dira eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri.

Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean igoko dute bandera eta orduan entzungo dira lehen danbor hotsak. Ohi denez, Gaztelubideko kideak egongo dira oholtza gainean, beste konpainietako 106 ordezkarirekin eta musikariekin batera bandera igoera egiteko. Aurten ere, igoera-ekitaldian, Kresala taldeak parte hartuko du.

Azpeitiak ere ospatzen ditu San Sebastian jaiak, eta bezperan helduen danborrada abiatu ohi dute. Ostiral gauean, ETB1ek zuzeneko konexioak egingo ditu Izaro Iraetarekin eta Miguel Zendoiarekin, unean-uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek oso-osorik emango du Azpeitiko ospakizuna, 00:45etik aurrera.

San Sebastian eguna

Larunbatean, berriz, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:45ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.

Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bandera jaitsiko du urtarrilaren 20an gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Union Artesana elkarteak 1957. urteaz geroztik berak bakarrik hartu du parte ekitaldi honetan, baina aurten festa nagusiaren une hunkigarri honetan parte hartzeko izena eman duten danborrada bakoitzeko ordezkari batekin joko dute. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik egingo dute kontakizuna 23:45etik aurrera ETB1en.

eitb.eus-en streaming bidez

eitb.eus-ek Danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.

Informazio gehiago (1)