'El Conquis'en 6. atala
Edurneren kanporatzeak 'zenbaki gorritan' utzi du talde gorria
EiTB
Aiora gasteiztarra baino askoz hobea izan da dueluan. Tronkoala jokoa urdinek irabazi dute, taldearen susperraldiarekin jarraituz.
Gorriak maldan behera doaz eta zenbaki gorritan daude, taldeko kapitainen esanetan. Edurne kanporatu dute "El Conquistador del Caribe" lehiaketaren 6. atalean, Aiora erabat nagusitu baita dueluan. Nafarrak erraz kanporatu du Edurne, bere indarrari eta segurtasunari esker. Hasieratik gailendu zaio Aiora Edurneri, eta Unairen jarraibideak alferrikakoak izan dira.
Nesken eta mutilen arteko liskarrak talde gorriaren kalterako izaten ari dira, eta egoera bideratu ezinean dabiltza. Jokoetan indarra eta estrategia falta zaie, eta taldeko lana sustatu beharrean, indibidualismoa da nagusi. Erantzukizun osoa Ismarena da, berak agintzen baitu; Gorrotxa bigarren maila batean dago, ez du erabakietan parte hartzen. Maritxu eta Ana onik atera dira orain arte egindako batzarretatik, baina ikusteke dago hurrengoetan zer gertatuko den.
Talde berdean ere, badirudi itsaskia dagoela. Enekok taldekide batzuekin duen harremana ez da oso ona. Kapitainak badaki Zuriñerekin, Felixekin eta Igorrekin fida daitekeela, baina ez da fio Jassekin eta Gotzonekin; eskalatzaile bikoteak bakarrik jartzen ditu zalantzan "nagusiak" esandakoak. Lehenik, polemika sortu da Enekok Zuriñe aukeratu duenean jokorako estratega gisa, Jassek bere burua aurkeztu badu ere. Gainera, Felixek Aioraren borondatezko izendapena kritikatu du, bere ustez Jass edo Gotzon bidali behar baitzituzten duelura.
Bitartean, urdinak gora doaz lehiaketan. Azken jokoa, tronkoala "leuna", aise irabazi dute, eta berriz ere kanpamentu aberatsean egotea gozagarria izan da Bernabek sortutako zaurien sendabidean. Jokoan argi gelditu da Tutan garrantzitsua dela taldearentzat; Murchanteko magoa titan bat izan da uztaiarekin eta bere lana funtsezkoa izan da horren garaipen eztabaidaezina lortzeko.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.