Itxi

'El Conquis'en 7. atala

Hamsterren bolen jokoa, gaur gauean, 'El Conquistador del Caribe'n

EiTB

Leer en Castellano

Saioaren 7. atalean immunitate joko berria izango da ikusgai. Proba dibertigarria izango da, baina kapitain batek baino gehiagok burua galduko du.

Badirudi "El Conquistador del Caribe"ko talde gorriaren gainbehera ez dela inoiz bukatuko, baina egunen baten hondoa jo beharko du gora egiten hasteko, talde urdinak egin duen bezala. Hori egin ezean, taldea desagertzeko arriskuan egongo da. Baina, noiz suspertuko dira? Ismak eta Gorrotxak lehenbailehen aurkitu beharko dute irtenbideren bat marrazoak martxan jartzeko; izan ere, Nemo baino galduago daude.

Balantzaren bestaldean, urdinak eta berdeak daude. Telmoren putreek azken bi immunitate jokoak irabazi dituzte; Enekoren sugeek ez dute garaipenik lortu azken jokoetan, baina oraingoz ez dute taldekiderik galdu.

Hurrengo saioko immunitate jokoak, hamsterren bolen jokoak, ez du irabazle argirik orain arte, proba berria baita "El Conquistador" saioan. Abenturazaleek, bola baten barruan preso dauden hamsterrak balira bezala, zirkuitu batean zehar ibili beharko dute, begiak estalita dituzten taldekideek bultzatuta.

Lehen begiratuan dirudiena baino askoz zailagoa izango da immunitate jokoa, baina oso dibertigarria izango da. Dena den, kapitain batek baino gehiagok garrasika amaituko du, burua galduta. Inor ez du epel utziko proba berriak.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe" saioaren 7. atala, gaur gauean, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.

Informazio gehiago (2)