Audientzia
Elurtearekin ETBko albistegiek markak ondu dituzte
A.E.|EiTB
'Teleberri'ren lehen edizioak %26,7ko audientzia zatia eskuratu zuen, azken hiru urte hauetako eguerdiko ediziorik ikusiena izan da.
Euskal Herri osoan atzo asteazkenez izan zen elurteak eta honen ondorioei buruzko informazioak ETBko albistegietan euskal ikus-entzuleen ikusmina piztu zuen. Duela bost urtetik hona Euskadin lider diren ETBko albistegiak jarraitu zituzten ikus-entzuleek elurtearen berri izateko.
Hartara, eguerdiko 'Teleberri' albistegiaren eguerdiko edizioak %26,7ko audientzia zatia eskuratu zuen, azken hiru urteetako onena. Africa Baetak aurkeztutako albistegiak 245.000 ikus-entzuleko audientzia izan zuen bataz beste, eta 344.000 ikus-entzuleko audientzia metatua EAEn eta eragin esparruan. Gaueko 'Teleberri'k, halaber, %23ko sharea lortu zuen, urteko bigarren ikusiena. Bataz beste, berriz, 235.000 ikus-entzule izan zituen eta 366.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
'En Jake' saioak, orobat, marka hautsi zuen %10,8ko audientzia zatiarekin. 204.000 lagunek jarraitu zuten uneren batean saioa.
Berebat, Estepan Aldamiz-Etxebarriak gidatzen duen 'Egun On Euskadi' goizeko albistegiak ETB1en inoizko emaitzarik onena lortu zuen: %7,5eko audientzi orokorra izan zuen eta euskaldunen artean %15,5ekoa. Horrez gain, 77.000 lagunek egin zuten bat uneren batean albistegiarekin. Elurtearen berri jarraitua emateaz gainera, Bingen Zupiria Kultura sailburuari egindako elkarrizketa ere tartekatu zuen. 'Gaur Egun 1'ek, bestalde, %6,8ko audientzia izan zuen, euskaldunen artean %18,1 eta 99.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.