Kirolak
Emakume Master Cup eta Donostiako pilota jaialdia, gaur, zuzenean, EiTBn
A.A.| EiTB
Emakumeen txapelketako bi final laurden ikusiko dira goizeko emanaldian. Arratsaldean, Olaizola II-Imaz eta Altuna III-Martija Binakako Txapelketako partida eskainiko da.
Zuzeneko bi kirol emanaldi izango ditugu gaur ETB1en eta eitb.eus-en.
Goizean, 12:15ean, 'Oreka' saioaren barruan, Emakume Master Cup-eko lehen mailako final laurdenak eskainiko dira Zamudiotik. Lehen final laurdenean, Maider Mendizabal eta Miren Larrarte bikotea Nagore Bilbao eta Arrate Bergararen aurka arituko dira. Bigarren final laurdenean, Patri Espinar eta Eneritz Arrieta, Amaia Araiztegi eta Maddi Mendizabalen aurka.
Arratsaldean, 17:00etan, 'ETB Kantxa' saioak Donostiako Atano III.a pilotalekuko jaialdia eskainiko du. Bertan, hiru partida jokatuko dira: J. Retegi-Erostarbe / Mendizabal III-Jaunarena, Olaizola II-Imaz / Altuna III-Martija (Binakako Txapelketa) eta Dario-Martinez / Elordi-Lasa IV.
Herri kirolen tartean, 16:00etan, Luis Txapartegiren eta Mieltxo Saralegiren arteko desafioa izango dugu ikusgai, eta, 11:30ean, Super Enduroko Munduko Txapelketako Euskadi sari nagusiaren laburpena.
Amaitzeko, Euskal Kluben Ligako eskuz binakako finalak izango dira ikusgai, 10:15ean, ETB4n.