22:30ean
'Amaierari begira' saio berezia, Irati Sarasuarekin, gaur gauean, ETB1en
A.A. | EiTB
ETAren 50 urteko ibilbidearen errepasoa egingo du Jose Felix Azurmendiren laguntzaz. Ondoren, Xabier Usabiagak gidatutako 'Irtenbidearen bila' erreportajea izango da ikusgai.
Iragarri berri duten ETAren desegitea dela-eta, ETAren 50 urteko ibilbideari errepasoa egingo dio Irati Sarasua kazetariak gaur, 22:30ean, ETB1en aurkeztuko duen 'Amaierari begira' saio berezian. Bertan, Egin egunkariko eta Radio Euskadiko zuzendari izandako Jose Felix Azurmendi kazetariaren laguntza izango du.
Ondoren, abenduan ETB1en emandako 'Irtenbidearen bila' erreportajea izango da ikusgai. Xabier Usabiagaren gidaritzapean, ETAren armagabetze prozesua gidatu duten pertsonen ikuspuntua, eta politikoki blokeatuta zegoen egoera nola desblokeatu zen ulertzeko gakoak ezagutuko ditugu.
Bakearen artisau lanetan aritutako Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etcheverryrekin egongo da Xabier Usabiaga, baita ETAren armak neutralizatzeko horiei etxea alokatu zien Beatrice Mollerekin ere. Berebat, 2017ko apirilaren 8ko armagabetze egunean, armak gorde zituzten zuloetako bat erakutsiko dute.
Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoen papera zein izan den jakiteko, Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidentea eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia elkarrizketatuko ditu Usabiagak.
Amaitzeko, prozesua gertutik bizi izan duten Ihintza Arrieta, Allande Boutine eta Enekoitz Esnaola kazetariekin izango dira, eta prozesu honetan gertatutakoa aztertu eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren azaltzen saiatuko dira.