Itxi

Kirolak zuzenean

Zegama-Aizkorri maratoia eta Buruz Buruko finala, gaur, zuzenean, EiTBn

A.A | EITB

Leer en Castellano

Giroko azken etapak eta eskubaloiko Euskadiko Kopako finalak osatuko dute maiatzaren 27ko kirol eskaintza.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bi kirol hitzordu garrantzitsu ditugu igande honetan ETB1en eta eitb.eus-en: Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta Buruz Buruko Txapelketako finala, Olaizola II-Altuna III.

Lehen aldiz ETBk zuzenean emango du munduko korrikalaririk onenak biltzen dituen proba. Erronka latza izango da lan egingo duten kameralari, kazetari, teknikari eta errealizadoreentzat, ahalegin berezia eskatuko baitie.

10:45ean hasiko da emanaldia Fernando Lopetegi errealizazioan eta Juanan Legorburu kontakizunean buru direla. Goi mailako bi mendi lasterkarik, Oihana Kortazar eta Jokin Lizeaga, adituen ikuspuntua emango digute. Ibilbidean hiru kazetari egongo dira: Jon Ander Gorospe, Loiola Altuna eta Anartz Agirre. Helmuga puntuan elkarrizketak egiteaz arduratuko da Agirre.

Emanaldia gauzatzeko hamar kamera erabiliko dira eta horietako bost ibilbideko mendietan kokatuta egongo dira: Sancti Spiritu, Aizkorri, Urbia, Andraitz eta Moano. Drone bat ere erabiliko dute aireko irudiak erakusteko.

Buruz Buruko finala

Arratsaldean Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango dugu arreta gune nagusia. Bertara ere lan-talde zabala joango da EiTBtik Aimar Olaizola eta Jokin Altuna aurrez aurre jarriko dituen Buruz Buruko finala eskaintzeko. Final handi guztietan bezala, hamar kamera erabiliko dira jaialdia ahalik eta xehetasun gehienarekin eskaintzeko:  Slow Motion-a, Polecam-a, robotizatutako kamera, Burubero…

Finalaren aurretik Elezkano II-Martija / Arteaga II-Albisu partida jokatuko da eta ondoren Elordi-Irusta / Peña II-Etchegoin. Xabier Euzkitzek gidatuko du emanaldia, Joxan Tolosa aditua lagun duela. Eguneko protagonistak elkarrizketatu eta pilotalekuko giroaren berri emateko Elena Azpeitia eta Xabier Andueza izango dira bertan.

Txirrindularitza eta eskubaloia

Eguneko kirol eskaintza eskubaloiko Euskadiko Kopako finalak (12:00, ETB4 eta eitb.eus) eta Italiako Giroko azken etapak, Erroma-Erroma, osatuko dute. Giroko emankizuna 15:40ean hasiko da ETB4n, baina 16:50ean ETB4ra pasako da.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)