Itxi

Audientzia

'El Conquis'eko finala audientzia buru, %20,0ko kuotarekin

EITB

Leer en Castellano

Eider Alonsok 'El Conquistador'eko 14. edizioko ikurrina lortu zuen, realityaren finalik gogor eta arriskutsuenean.

Eider Alondo 'El Conquistador'en 14. edizioko irabazlea. Argazkia: EiTB.

'El Conquistador del Caribe' asteleheneko ordutegi nagusian audientzia buru izan zen %20,0ko audientzia zatiarekin, eta 2012tik final batean lortzen den daturik onenarekin. Saioak emozioa mantendu zuen hasiera hasieratik. Kolonbiako Quebrada Valencia ur-jauzi ikusgarrian kokatutako proba arriskutsuari aurre egin behar izan zioten bost finalistek, 'El Conquis'en inoiz ikusi dugun finalik gogorrenean. Lehia luze eta neketsuaren ondoren, Eider Alonsok irabazi zuen eta 14. edizioko ikurrina lortu zuen.

Julian Iantzik aurkeztutako asteleheneko saioak 295.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

'El Conquistador' saioaren 14. edizioa asteleheneko ordutegi nagusian audientzia buru izan da denboraldi honetan, eta datu bikainak lortu ditu: %16,4ko audientzia zatia eta 305.000 ikus-entzuleko audientzia metatua, bataz beste.

eitb.eus-en eta sare sozialetan ere arrakastatsu

'El Conquistador del Caribe'ko finalaren internet bidezko emanaldiak harrera ezinhobea izan zuen, baita saioaren webgune bereziko edukiek ere.

Twitterren #conquisfinal etiketa joera izan zen Estatu mailan eta milioi bat seiehun mila inprimatze baino gehiago lortu zituen. Facebook-ari dagokionez, 45.000 erabiltzailek partekatu zituzten saioaren kontuaren post ofizialak.

Final handia

Final handiko proba 'El Conquis'en edizio guztietako gogorrena eta arriskutsuena izan da. Aiorak, Eiderrek, Gotzonek, Seletak eta Zuriñek Quebrada Valencia ur-jauzian zehar banatutako lau banderatxo hartu behar zituzten. Azken egunetako ekaitzen eta izotza urtzearen ondorioz, urak zakartu egin dira, probaren arriskua handituz. Aiorak, Eiderrek eta Gotzonek lau banderatxoak lortu dituzte, korrika egin, urpean igeri egin, yumarra erabilita ur-jauzian gora egin, putzura jaitsi, berriz igo eta zuhaitz batetik gora igo ostean.

Azkenburuko gisa, 250 metroko goranzko tirolina egin behar izan dute lehiakideek. Esfortzu handiak eginda eta oso nekatuta, Eiderrek Aiora garaitzea lortu du, tirolinaren amaierara helduz eta ‘El Conquistador del Caribe’ren irabazlearen ikurrina eskuetan hartuta, “Aupa Astigarraga!” eta “Aupa ‘conquistadores’!” esanez. Hamalaugarren edizioko irabazleak bere gurasoei, bere ilobei eta lagunei eskaini die garaipena.

Seletak eta Zuriñek ez dute probaren azken zatia egiteko aukerarik izan, hiru tirolina baino ez zeudelako. Hala ere, biek zoriondu dute Eider, baita oso metro gutxira gelditutako Gotzonek eta Aiorak ere.

Platoan, Izetak irabazlearen ikurrina eman dio Eiderri, baina oraindik ere sari gehiago zeuden irabazlearentzat. Izan ere, astigartarra haurdun dago, eta Julianek elastiko berde txiki bat eman dio sari berezi gisa. Gainera, 20.000 euroko txekea ere jaso du.

Hurrengo ediziorako castingak

'El Conquistador del Fin del Mundo'ren 15. edizioa prestatzen ari dira eta urtero bezala, casting presentzial bidez eta bideo-casting bidez parte hartzeko aukera izango dute lehiakidegaiek. Aurrez aurreko castingak ekainaren 20tik eta 26ra bitartean izango dira, guztiak 10:00etatik 20:00etara bitartean.

Ekainak 20, asteazkena, Gasteizen: NH Canciller Ayala Vitoria Hotela (Santiago Ramon y Cajal Kalea, 5), 10:00etatik 20:00etara bitartean.

Ekainak 21, osteguna, Iruñean: NH Pamplona Iruña Park Hotela (Arcadio Mª Larraona Kalea, 1), 10:00etatik 20:00etara bitartean.

Ekainak 22, ostirala, Donostian: Silken Amara PlazaSan Sebastián Hotela (Pio XII.aren Plaza, 7), 10:00etatik 20:00etara bitartean.

Ekainak 25 eta 26, asteartea eta asteazkena, Bilbon: EiTBren egoitza (Basurtuko Kaputxinoen bidea, 2), 10:00etatik 20:00etara bitartean.

Gainera, aurreko urteetan bezala, saioko lehiakide izan nahi duten lagunek online castinga egin dezakete, 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren webgunetik bideoa bidalita. Astearen bukaeran jarriko dugu martxan, eta Abuztuaren 31 arte egongo da bideo-castinga bidaltzeko aukera. Eiderrek, aurtengo irabazleak, bideo-casting bidez lortu zuen lehiaketan sartzeko txartela.

Informazio gehiago (1)