Denok arrosarekin bat
EITB Maratoiak 291.317 euro bildu ditu bularreko minbiziaren kontra
A.H.
EITB
Denok arrosarekin bat lelopean egindako elkartasun maratoian bildutako diruaren %100 emango zaio ikerkuntzari.
Denok arrosarekin bat lelopean 291.317 euro bildu ditu EITBk bularreko minbiziaren kontra antolatutako elkartasun maratoian. Jasotako diruaren %100 gaixotasunaren inguruko ikerketetara zuzenduko da. Ikerketarako fondoak Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) edo BIO Fundazioaren bidez kudeatuko dira.
Besteak beste, ikerketa proiektu berriak finantzatzeko, diagnostiko goiztiarraren gainean irekita dauden ikerketa lerroak sendotzeko, prebentziorako eta medizina pertsonalizatuaren alorrean eragin sekundarioak saihestea helburu duten egitasmoak garatzeko erabiliko da dirua.
Deiak egun osoan zehar
Egun osoan zehar, EITB taldeko telebista eta irratiko saioek bularreko minbiziaren inguruko sentzibilizazio kanpaina zabalean murgildu ziren, gaixoatsuna sakontasunean aztertuz bai medikuen zein gaixoen ikuspuntutik. Bitartean, deiguneko telefonoak etengabe aritu ziren, ostegunean eta ostiral goizean 4.000 dei inguru jasoz. Dirulaguntza gehienak emakumeek eman dituzte (%70) eta Gipuzkoa izan da diru gehien eman duen lurraldea, nahiz eta Bizkaia, Araba, Nafarroa zein Iparraldeko deiak ere jaso diren. Aipatzekoa da Errioxa, Kantabria eta Burgosetik ere dirulaguntzak jaso direla. EITBk jasotako milaka deiak eta bildutako diru kopuru altuak gizarteak bularreko minbiziaren gainean duen ardura eta sentzibilizazioaren islada dira.
Telebista eta irratiko aurkezle, aktore, kazetari eta kolaboratzaile ugari izan ziren dei gunean: besteak beste, Julian Iantzi, Dani Alvarez, Arantza Sinobas, Maite Esparza, Xabier Usabiaga, Reyes Prados, Edurne Garmendia, Joseina Etxeberria, Ibon Uzkudun, Gurutze Beitia, Txetxu Ugalde, Roge Blasco, Itziar Lazkano, Maribel Salas, Juan Carlos de Rojo, Paloma Zorrilla, Jose Gurrea, Mañu Elizondo, Garbiñe Biurrun, Esther Velasco, Martin Barriuso eta Julen Madina.
Kirol munduko beste hainbat aurpegi ezagun ere hartu zuten telefonoa egunean zehar, hala nola, Aitor Ocio, Gaizka Tokero, Ander Alaña, Jon Moya, Igor Anton, Iker Flores, Jose Angel Iribar, Mikel Goñi, Eneko Llanos, Pablo Berasaluze, Oier Aizpurua, Unai Basurko, Herri Torrontegi, Efren Vazquez, Javier Conde, Txus Jaio, Fotis Kasikaris, Alex Hervelle eta Vilariñotarrak.
Kultur jarduera ezberdinetan aritzen diren hainbat lagun ere egon ziren, esate baterako, Gari, Amaia Zubiria, Etxe, Ainhoa Cantalapiedra eta Mikel Markez abeslariak; Seiren eta El Menton de Fogarty taldeetako kideak; Aitor Elizegi eta Fernando Canales sukaldariak; Jose Mari Gorrotxategi gozogilea, eta Toti Martinez de Lezea, Fermin Etxegoien eta Jasone Osoro idazleak.
Ekimenarekin bat egin zutenen artean Alicia Rueda, Ion Fiz eta Mercedes de Miguel diseinatzaileak, Ivan Fandiño toreroa, Rafael Bengoa Osasun sailburua eta Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendaria egon ziren.