22:15ean
'Vaya Familia' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB
Miriam Cabezak aurkeztuko duen kamera ezkutuko saio berri honetan gizon edo emakume batek bere bikotekidearen familia ezagutuko du.
ETB2k 'Vaya Familia' saio berria estreinatuko du gaur gauean. Miriam Cabeza aktoreak aurkeztuta, familia arteko gorabeherak ardatz dituen kamera ezkutuko saio dibertigarria izango da. Ideia nagusia Erresuma Batuko 'Meet The Parents' saiotik hartu du Pausoka ekoiztetxeak: gizon edo emakume batek bikotekidearen familia ezagutu behar du lehen aldiz. Alabaina, aurrez aurre izango duen ezkonsendia ez da benetakoa izango, berak hala uste arren. Aktoreak dira eta makina bat buruhauste sortuko dizkiote kamera ezkutuz jositako etxe batean. Nola erantzungo ote du gonbidatuak halako egoera surrealisten aurrean?
Bikotearen kide bat amua izango da eta bestea biktima. Elkarrekin asteburu-pasa joango dira Getariako landetxe batera, hori izango da fartsa berezi hau sortzeko aitzakia. Etxera heltzean, bikotekidearen sendiarekin egingo dute topo. Bost aktorek osatuko dute familia, bakoitzak izaera berezi bat izango du eta haien papera amaierara arte jokatzeko aitzakiarekin, egoera dibertigarri ugari sortuko dituzte.
Ainhoa Alzibar zuzendariaren hitzetan, kamera ezkutuaren formatua harago eraman du 'Vaya Familia' saioak. Saio berritzailea da, telebistan aurretik egin ez dena.
Maila teknikoari dagokionez, erronka handia izan da lantaldearentzat. Zuzeneko grabazioak izan dira, eta bai aktoreek eta baita lantalde teknikoak ere asko inprobisatu behar izan dute. Halaber, sekuentziak sortu ahala aldatu dituzte, egoeraren beharrizanek edota biktimaren erantzun eta jarrerek eskatuta. Grabazioak etxeko leku ezberdinetan (altzarietan, lanparetan, ateetan, telebistan...) ezkutatutako hogei kamerarekin egin dituzte.
Biktimak egoera dibertigarri eta surrealistak biziko ditu, eta nola erantzun jakin gabe, bikotekidearen sendi bereziak sortuko dizkion egoera deserosoetatik irteten ahaleginduko da.
'Vaya Familia' ostiraletan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.