Itxi

21:00etan

'Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza' dokumentala, gaur, ETB1en

A.E.|EiTB

Leer en Castellano

Pilotari iraultzaile eta txapeldunaren ildo nagusiak oinarri hartuta, haren ibilbidea errepasatuko du dokumentalak.

Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza dokumentala eskainiko du ETB1ek gaur gauean. Pilotari iraultzaile eta txapeldunaren ildo nagusiak oinarri hartuta, haren ibilbidea errepasatuko du dokumentalak.

Esku-pilotaren historian leku berezia izango du Juan Martinez de Irujok. Irabazi dituen txapelez haragokoa da Irujoren eragina esku-huskako modalitatean. Zikloi baten moduan sartu zen profesionaletan, eta halatsu utzi behar izan du pilota. Ez du inor epel utzi, ez pilotari zen garaian ezta agur esateko orduan ere. Bihotzeko gaitz batek erretiratu du Iberoko aurrelaria kirol profesionaletik.

Banakako jokoa irauli zuen Irujok aireko jokoarekin. Errestotik hasita, erabat aldatu zuen bakarka jokatzeko era. Hasieran ez zuen inor asebete. Iraultza gehienetan gertatzen den bezala, kontrako gehiago izan zituen hasieran aldekoak baino. Norbaitek behar zuen eta Irujok aldatu zuen esku-pilota; banakako lehian, bederen. Haren atzetik etorri diren guztiek bide horretatik jo dute, atzelariak eskuz banakako panoramatik ia desagertzeraino. Rezusta izan da salbuespena aurten.

Beraz, bi ezaugarri handi ditu Juan Martinez de Irujok: iraultzaile edo berritzailearena, bata, eta txapeldunarena, bestea. 23 final jokatu ditu profesionaletan egin dituen 13 urteetan (14 izan dira, baina azken urte osoan ez du jokatu; 13. urtean utzi behar izan zion zuriz janzteari), eta 13 txapel lortu ditu 13 urte horietan.

Bi ezaugarri nagusi horiek oinarritzat hartuta egin dute ordubeteko dokumentala.

Lagun, pilotari, mediku eta familiakoen iritziak ere bildu dituzte lan horretan. Hauek ageri dira bertan: Bittori Goñi, Irujoren ama; Gemma Blanco, emaztea; Alberto Oteiza Lagarto, laguna; Mikel Erro, Oberena klubeko entrenatzailea; Eneko Sagastume, pilotari eta Irujozalea; Diego Agudo, marrazkilaria; Jokin Etxaniz, Aspe enpresako zuzendari teknikoa; Uxua Idiazabal, San Miguel Klinikako kardiologoa; Xabier Usabiaga, kazetaria, eta Abel Barriola, Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria pilotariak.

Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza dokumentala gaur izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en.