Datorren igandean
'El Conquistador del Fin del Mundo'saioaren 7. ekinaldia aurkeztu dute
A.E.
EITB
24 lehiakidek, 12 gizon eta 12 emakume, eta hiru kapitainek hartuko dute parte reality arrakastatsuaren edizio berri honetan Julian Iantziren gidaritzapean.
''El Conquistador del Fin del Mundo''ren zazpigarren ekinaldia aurkeztu dute eguerdian, Bilboko EITBren egoitzan. Iazko arrakasta errepikatu eta ikus-entzuleak harri eta zur utzi nahi ditu orain ere. Iaz, Hostoilek ETBrako egiten duen saioak 210.000 ikus-entzule eta %24,7ko audientzia zatia izan zituen, bataz beste. Mugak gainditzen dituen erreferentziazko saioa bilakatu da Julian Iantzik aurkeztutako realitya.
Orain arteko formula bera dakar programak: zailtasun eta gogortasuna, bene-benetakoa; paisaia izugarriak, lehia probetan, estrategia eta eztabaidak elkarbizitzan eta Julian Iantzi zeremonilari.
Juanito Oiarzabal eta Jose Luis Korta protagonista izango dira oraingoan ere, baina euskal kirolari ospetsuak ez dira Patagoniako reality gordinaren kapitain bakarrak izango. Aurten, Virginia Berasategui, Marta Lopez, Yahaira Aguirre eta Eneritz Iturriagaetxebarriak aurreko edizioetan hartutako lekuan kapitaina berria egongo da. Kortak eta Oiarzabalek orain arte pairatu ez dutena sufrituko dute etorri berriaren kontura. Nor ote da? Urtarrilaren 9an jakingo dugu.
Antolatzaileek, betiko kapitainak ustekabean harrapatu nahi izan dituzte. Bost urtetan elkarren artean ''lankidetza''n eroso ibili ondoren, Kortak eta Juanitok sorpresa handia hartuko dute El Conquistadorren zazpigarren ekinaldi honetan....
Lehiaketan parte hartuko duten 24 lehiakideak ezagutuko ditugu igande honetan. 12 gizon eta 12 emakume. Beste nobedade bat ere izango da. Hiru taldetan banatuko dituzte lehiakideak. Sexu arteko borroka izango da ala jatorri ezberdinengatik arituko dira liskarrean? Igandean jakingo dugu.
Betiko paraje zoragarriak izango dira zazpigarren edizio honetako eszenatoki. Argentinako Patagoniaren bihotzean dago filmatuta saioa, Chubut-eko probintzian. Basoak, urmaelak, mendiak, Parke Nazionalak... dekoratu paregabea ezbairik gabe.
Aurrerapen gisa, estreinaldiko atalean Kortaren lehen eztabaida ikusiko dugu. Lehiakide batekin izango du liskarra. Lehiakideari ''bai, bai,bai, Urdaibai'' oihu egitea otu zitzaion Kaikuko entrenatzailea lehiakide berrien aurrean aurkeztera joan aurretik eta horrek sortuko du zalaparta.
Abentura urtarrilaren 9an jarriko da abian, gaueko ''Teleberri'' albistegiaren ondoren eta hurrengo 20 astetan jarraitu ahal izango ditugu lehiakideen nondik norako guztiak. Informazio osagarri guztia ''El Conquis: la aventura'' saioan eta eitb.com atariko web orrian topatuko dugu.
''El Conquis: la aventura'' ETB-2ko programazioan izango dugu ikusgai astelehenetan, 22:00etan, Iñaki Lopezen eskutik eta solaskide taldearen partaidetzaz. Igandeko saioaren unerik, nabarmenenak errepasatuko dituzte. Horrez gainera, aurretik erakutsi ez dituzten irudiak ere emango dituzte eta hurrengo asteko programaren zatia ere aurreratuko dute.
Saioaren web orriak sorpresak eskainiko ditu edizio honetan. Asteartero Gotzon Mantulizek hurrengo asteko gaiarekin zerikusia duen galdera egingo die interneteko erabiltzaileei. Sari erakargarria zozketatuko dute parte hartzen duten guztien artean. Bosgarren edizioaren irabazleak ''El Juego del Conquistador'' izeneko jokoa izango du sarean.
Aurten lehen aldiz gainera, eitb.com-ek erreportaria bidali du Patagoniara. Jokin Agirregoikoak bideo esklusiboak ekarri ditu eta kanporatuak izan ondorengo uneak erakutsiko dituzte bideo horietan. Beldurrak, haserreak, desioak. ''Joking Of'' tartean atal bakoitzaren making of-a erakutsiko dute. Saioan ikusi ez den guztia erakutsiko dute. Julianek lehiakideak kanporatzen dituztenean egiten dien elkarrizketa osorik ikusi ahal izango da.
Web gunean, halaber, lehiakide eta kapitain guztien perfilak ikusi ahal izango dira. Interneten bidez ere jarraitu ahal izango da, iaz bezala lehiaketa, eta baita Iñaki Lopezek aurkeztutako eztabaida saioa astelehenero. Horren guztiaren osagarri, Facebook eta Twitter (#conquis) bidez jarraitzaileek utzitako mezuak izango ditugu.
''El Conquistador del Fin del Mundo'' Hostoilek Euskal Telebistarentzat egiten duen ekoizpena da. Julian Iantzi du aurkezle eta oso-osorik Patagonian egina dago.