Itxi

17:00etan

Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea, zuzenean, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Leer en Castellano

Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Getariak lau urtean behin egiten duen antzezpen historikoa.

Juan Sebastian Elkanoren Lehorreratzea

Juan Sebastian Elkano itsasgizona Sanlucar de Barramedan lehorreratu zenekoa gogoratuko du Getaria herriak gaur, antzezpen historikoa eginez. Elkanok munduari bira eman zion 1522an, eta Getariako herritarrek lau urterik behin gogoratzen dute euren auzokide ospetsuenaren balentria.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute antzezpena 17:00etatik aurrera. Emanaldiaren kontakizuna Agustin Ezenarro eta Kepa Iribar Getariako kazetariek emango dizkigute, eta urte hauetan guztietan ekitaldi honetan parte hartu duten hainbat protagonista elkarrizketatuko ditu kalean Ilaski Serrano kazetariak.

Juan Sebastian Elkanok eta Fernando Magallanesek zuzendutako espedizioan bizirik geratu ziren 17 itsasgizonak Victoria ontzian iritsiko dira portura. Juan Sebastian Elkano izango da lurra zapalduko duen lehen gizona, eta herritarrak bidera aterako zaizkio.

Aurtengo berrikuntza nagusia Elkanoren pertsonaia antzeztuko duen getariarraren inguruan dator: orain arte egin duenak, Manuel Gorostiagak, Iñigo Isastiri emango dio lekukoa.

Lehorreratzearen une hunkigarri guztiek izango dute euren tarte berezia ekitaldi honetan, hala nola, Elkanok Victoria ontzitik portuan lur hartzen duenean, elizara egingo duen igoera eta sarrera, arropa aldaketa eta, azkenik, bost kontinenteak ordezkatzen dituzten gazteekin batera karroza batean Getariako Elkanoren monumentura iristen den unea.

Informazio gehiago (1)