15:00etan
Burgosko Itzulia, zuzenean, gaurtik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute lasterketaren 40. edizioaren zuzeneko emanaldiaren kontakizuna gaurtik larunbatera arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Burgosko Itzuliaren 40. edizioa. Lasterketa gaur hasiko da, Burgosen, eta Neilako aintziretan amaituko da, larunbatean, abuztuaren 11n. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean egingo dute bat lasterketarekin, egunero, 15:00etatik aurrera, eta Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute emanaldiaren zuzeneko kontakizuna.
Itzuliko bost etapak
Itzuliko lehen etapa Burgosko katedralean hasi eta Burgosko gazteluan amaituko da, San Miguel muinoan, eta 157 kilometroko ibilbidea izango du. Lehen mailako Altorero mendatea eta birritan igo beharko duten gazteluko gaina izango dira ibilbidearen zailtasunak.
Bigarren etapan, Donejakue Bideko parte bat egingo dute, Belorado eta Castrojeriz herrien arteko 163 kilometroko ibilbidea, eta mendate bakarra igoko dute: Valmada gaina (3. mailakoa).
Hirugarren jardunaldiko etapa gogorragoa izango da. 149 kilometroko ibilbidean, hirugarren mailako lau mendate igo beharko dituzte txirrindulariek (Mota, Escalerón, Ailanes eta Retuerta) eta Picon Blanco (maila berezikoa) igo beharko dute gero.
Cid Campeador pertsonaia historikoa omenduko dute Burgosko Itzuliko laugarren etapan. San Pedro de Cardeña monasterioan hasi eta Cluniara helduko da, 165 kilometro egin ondoren.
Bosgarren egunean, Neilako aintziretan amaituko dute etapa, 141 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Azken igoerari heldu aurretik hirugarren mailako hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: San Cuerno, El Cerro eta Collado de Vilviestre.