21:00etan
'Araba, barneko argia' dokumentala, gaur gauean, ETB1en
EITB
Saioak bidaia berezia egingo du Arabako historia, kultura eta paraje naturaletan barrena.
Gaur gauean, ETB1ek Araba, barneko argia dokumentala eskainiko du, Arabako historia, kultur ondare eta paraje naturaletan barrena egindako bidaia ikusgarria.
Historiaurreko zibilizazioen aztarnak izango dira bidaia honetan abiapuntua. Ondoren, Erdi Aroan murgilduko dira, Arabaren garapenerako aro garrantzitsuenean, hain zuzen ere. Garaiko oparotasunaren adibide dira herri eta hirietako alde zaharrak, katedrala, kolore aniztasun handiko arku eta atariak eta garaiko upeltegiak. Eta ezin ahaztu, gainera, Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribua, gaur egunera arte iritsi zaigun euskarazko testurik zaharrena.
Halaber, Arabako historian toki garrantzitsua izan zuten pertsonaiak gogoratuko ditu saioak: Pedro López de Ayala, Gonzalo Yañez de Mendoza eta Cristobal de Oñate, besteak beste.
Ordutik gaur egunera arte, Araba asko aldatu da. Aro modernoak iraultza ekarri zuen alor ezberdinetara (industria, ardoa, azpiegiturak...), eta eragin handia izan zuen jendearengan eta lurraldeko kulturan. Gainera, arabarrak asko borrokatu ziren, eta Gasteizko guduak ospe handia izan zuen Independentziaren Gerratearen garaian.
Dokumentalak proposatuko digun bidaiaren helmuga XXI. mendea izango da. Transformazio ikaragarriaren aurrean gaude, eta lurralde osoak, oro har, eta hiriburuak, bereziki, inoiz baino aldaketa azkarragoak eta sakonagoak izan dituzte azken bi mendeetan.
Araba, barneko argia, Arabako Foru Aldundiak bultzatu eta Antonio Cristobalek zuzendutako lana, gaur izango da ikusgai ETB1en, 21:00etatik aurrera.