Itxi

16:15ean

Piratek Donostia hartuko dute, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Leer en Castellano

Xabier Sukiak eta Sara Ferminek zuzenean eskainiko dute 'Abordatzera 2018' saio berezia, eta Maite Eskarmendi eta Luisma Laboa portuan izango dira giroa bildu eta protagonistak elkarrizketatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako Aste Nagusiko ekitaldi ikusgarrienetako bat da Donostiako piraten abordatzea, eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute, gaur, 16:15etik aurrera. Xabier Sukiak eta Sara Ferminek egingo dute 'Abordatzera 2018' emanaldiaren kontakizuna eta Maite Eskarmendi eta Luisma Laboa portuan izango dira, bertan dagoen giroa bildu eta protagonistak elkarrizketatzeko.

Guztira, 2.000 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute Donostia abordatzera ekitaldian. Euskal Herri osoko jendea ez ezik, atzerritarrak ere bertaratuko dira, eta pirata guztien artean 200 baltsa inguru egingo dituzte.

Goizeko zortzietan hasiko dira arratsaldeko abordatzea prestatzen, kaiko arrapalan. Baltsak egin eta arratsaldeko ekitaldirako azken prestaketetan ibiliko dira bertan.  Herri bazkaria 14:00etan hasiko dute, eta, tripa bete eta eztarria freskatu ostean, kaira joango dira, txupinazoa bota eta 17:00etan abordatzeari ekiteko.

Gauean, 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saio berezia

Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok aurkeztuko duten 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saioak gaueko su artifizialak eskainiko ditu zuzenean, Valentziako Caballer FX suetxearen eskutik, 22:15etik aurrera.

Horrez gain, Javi Rivero sukaldaria eta Iñaki Perurena harri-jasotzailea hartuko dituzte saioan gonbidatu. Javier Riverok, gainera, pintxo dastaketa ekarriko die aurkezleei.

Amaitzeko, Iñigo Agirre kazetaria Donostiako buruhandi eta erraldoiekin egongo da.

Bideoak (1)