Itxi

22:30ean

Gaur estreinatuko da 'Juego de Cartas' saioaren bigarren denboraldia

EITB

Leer en Castellano

Penintsulako euskal sukaldaritza onena bilatuko du Javi Sierrak, Cadizen eta Pirinioen artean dauden hainbat jatetxe bisitatuta.

'Juego de Cartas' saioaren denboraldi berria gaur, irailak 3, abiatuko dute, erronka berri batekin: penintsula osoko euskal sukaldaritza onena aurkitzea.

Hala, Euskal Herritik kanpo ere arituko dira orain lehian euskal sukaldariak eta jatetxe-jabeak, eta, lehiaketa horretan, penintsula osoan ibiliko da Javi Sierraren furgoneta, Pirinioak zein Cadiz harrapatuko baititu, Bartzelonan, Benidormen, Kantabrian eta Errioxan geldialdia eginez. Astelehenero izango da ikusgai lehiaketa, ETB2n eta eitb.eus-en.

Lehen geldialdia: Cadiz

Denboraldi berriko lehen saio honetan, penintsula hegoaldera egingo dute bidaia: Cadizera.

Lehian arituko den lehen jatetxea "La Isla" izango da, San Fernando de Cadiz udalerrian. Bertan, Elisabeth Lamolda Portugaleteko emakumea eta familia-jatetxe horretan eskaintzen duten bakailaoa pil-pilean ezagutuko ditugu.

Pablo Vicuña donostiarra izango da bigarren lehiakidea. "La posada del duende" jatetxea zuzentzen du Arcos de la Fronteran, euskal sukaldaritza japoniarrarekin eta andaluziarrarekin uztartuta.

Chiclanako "El patio de los pintxos" izeneko jatetxean egingo dute hirugarren geldialdia. Begoña Zulueta karrantzarrak gidatzen du, eta pintxoak ditu berezigarri.

Conilen bukatuko du Javi Sierrak Cadizen barrena egindako bidaia, hain zuzen ere "Vascook" jatetxean. Toño Ramos santurtziarra da jabea, eta pantxineta egiteko modu berezia du, baina izenak ere bereziak dira bertan.

Zalantzarik gabe, Andaluziako xarmaz jantziko da euskal sukaldaritza denboraldiko lehen saio honetan.

'Juego de Cartas' saioa astelehenetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)