Aurkezpena
ETBko udazkeneko programazioa abian da
EITB
Gasteizko FesTVal jaialdian egin du ETBk 2018-2019 denboraldiko programazioaren aurkezpena. 'Euskalonski', 'DantzanGo!', 'Gailurra Xtreme'... nobedade pila bat izango dira udazken honetan.
Gasteizko FesTVal jaialdiaren barruan, Mendizorrotza kiroldegi aurrean, egin du ETBk 2018-2019 denboraldiko programazioaren aurkezpena ostegun honetan, irailak 6. Edu Barinaga ETBko zuzendariak gidatutako prentsaurrekora programazioaren protagonista diren aurpegiak bildu dira.
ETB1ek bi saio berri dakartza udazken honetan: atzerrian bizi diren euskal hiztunak protagonista dituen 'Euskalonski' eta Zuriñe Hidalgok aurkeztutako 'Dantzago!' lehiaketa.
Pello Reparaz Vendetta taldeko abeslariak gidatuko duen 'Euskalonski' astelehenean estreinatu zen Parisi eskainitako atalarekin. Brusela, Berlin, London, New York, Mosku, La Habana, Montevideo, Buenos Aires eta Varsovian ere izango dira, hiri horietan bizi diren euskaldunekin eta euskara ikasi duten bertako biztanleekin.
'DantzanGo!' dantza talent show-ean Euskal Herriko hamar dantza talde lehiatuko dira zortzi aurpegi ezagunekin batera, eta talde irabazleak 'Go!azen 5.0' telesailean dantzatuko du. Edozein estilotan dantzatzen duten taldeek parte hartuko dute lehiaketan: street dance, hip hop, euskal dantzak, dantza modernoa, klasikoa, balleta, sabel-dantza…
Bestalde, bueltan dira arrakasta izan duten zenbait saio, 'Ur Handitan' adibidez. Atzerrira joango da oraingo honetan Xabier Madariaga, herrialde ezberdinetako aktualitatea aztertzera. Laguntzaile izango ditu bertan bizi diren euskaldunak, bizimodu ez ohiko, interesgarri eta liluragarriekin. Besteak beste, homofobia Afrikan, armak AEBn eta Palestinaren eta Israelen arteko egoera gatazkatsua aztertuko dituzte.
'Gailurra Xtreme' saioak erronka berri bati helduko dio: Hiru Erregeen Mahaian (Euskal Herriko mendi garaiena) amaituko den lasterketa osatu beharko dute, 12 etapatan. 22 lagun abiatuko dira Andorrako Encamp herritik eta Pirinioetan barrena 400 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Nafarroako gailurrean amaituko da. Aurreko edizioan bezala, oraingo honetan ere Ibon Gaztañazpiren ondoan joango dira Gari Aristegi fisioterapeuta eta Alberto Ayerbe lasterketa arduraduna.
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Euskal Herrian barrena ibiliko dira aurten ere herriak bisitatuz eta bertako bizilagunak ezagutuz 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioren bosgarren denboraldian. Urriaren 7an itzuliko dira eta bitartean 'Hauxa2' izango dugu ikusgai, Ana Goitia eta Onintza Enbeitarekin.
Azarora arte itxaron beharko dugu gazteen artean fenomeno bilakatu den 'Go!azen 5.0' telesaila ikusteko. Kontu eta pertsonaia berriak izango ditu telesailak, tartean, Maria Redondo 'Bago!az'en irabazlea. Aurrerantzean ere Basakabi udalekuan jazotako kontuak, maitasuna eta musika izango ditu ardatz saioak.
Datorren astelehenean ekingo dio 'Gure Kasa'k bere bigarren denboraldiari, bere izpirituari eutsiz. Bereziki kultura eta kirolari lotutako aurpegi ezagunak gonbidatuko dituzte platora Julen eta Antton Telleriak eta hauen alboan ohiko kolaboratzaileak agertuko dira. Nobedadeen artean, platoa berrituta eta Aitziber Garmendiaren pertsonaia berri bat izango ditugu, besteak beste.
Astelehenean itzuliko da halaber 'Ahoz Aho', ordutegiz aldatuta. 18:00etan hasita eta iluntzeko 'Gaur Egun' albistegira bitartean, egun-eguneko gaiak eta batez ere kulturarekin lotutakoak hartuko dituzte hizpide Amaia Cayerok eta Ilaski Serranok. Bestalde, Saioa Martijak jarraituko du 'Ahoz Aho+' saioaren gidaritza eramaten astearte gauero.
'Txoriene' saioaren denboraldi berria irailaren 17an hasiko da. Aurten baratza txiki batzuk jarri dituzte Miramongo belardian, hainbat produktu landatzeko: garaiko barazkiak, hain ezagunak ez diren barazkiak, belar aromatikoak edo landare usaintsuak, lore jangarriak eta sendabelarrak. Zigor Iturrietak eta bere gonbidatuak bertatik jakiak hartu eta prestatuko dituzte.
Literaturak eta bertsolaritzak tarte propioa izaten jarraituko dute udazkenean ETB1en 'Artefaktua' eta 'Hitzetik Hortzera' saioen bitartez. Yolanda Mendiola eta Eider Perez izango dira gidariak, hurrenez hurren.
Astero, sormenaren leihoa zabalduko dute ETB1ek eta ETB2k 'EiTB Kultura Transit' saioaren bidez. Orobat, iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean erreportaje solteak ematen jarraituko du ETB1ek. Bestalde, 'Teknopolis' saioa 21. denboraldia prestatzen ari da honez gero. Iñaki Leturiak jarraituko du zientzia eta teknologia munduko berriak ematen. Azkenik, larunbatero emanaldi bereziak izango ditugu ikusgai 'Oholtzan' saioan.
ETB2
Maribel Salas, Ane Gabarain, Miriam Cabeza, David Pinilla, Diego Pérez, Daniel Ortiz eta Aitor Urcelay izango dira 'VPO' saioko protagonistak. Hainbat etxebizitzaz osatutako eraikina da ingurune nagusia. Gaur egungo Euskadiren metafora perfektua. Gizartean dauden euskaldun tipologia ezberdinak islatzen ditu eraikinak eta ikus-entzulearentzat ezagunak diren egoerak erakutsiko dituzte. Eraikinaren barruan gertatzen diren istorio hauek aktualitate politikoaren eta sozialaren isla izango dira.
Programazioaren nobedadeen artean, 'La Víctima Número 8' telesaila da nabarmena. 'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako telesailak (Marc Cistare du produktore eragile) Bilboko Alde Zaharrean gertatuko den atentatu jihadista bat izango du abiapuntu eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du.
'Punto de Vista' saioak doku reality generoa hankaz gora jarriko du kamera subjetiboaren teknika erabiliz. Lekukotasun baten errealitatea, baldintza eta egoera bizitzeko eta ulertzeko modu iraultzailea da. Gai bakoitza lau protagonistek kontatuko dute eta eurek eramango dituzte, hain zuzen ere, kamera subjektiboak.
Bestalde, aktualitateari begira jarraituko du Arantza Ruizek aurkeztu eta zuzendutako '360º Tú decides' saioak. Berrikuntzen artean, platora etorri ohi diren 50 herritarren iritziaz gain, beste 360 lagunen iritzia ere bilduko dute galdeketa baten bitartez.
Ikerketa kazetaritzak bere tartea izango du berriro ETB2n, Eider Hurtado buru duen '360º' erreportaje saioko lan-taldearekin. Denon ahotan dabiltzan politika eta gizarte gaiak izango dituzte jomugan: Espainiako Errege Etxearen ondasunen inguruan arituko dira, Euskadiko tortura kasuak ikertuko dituzte, eta egungo gizartean dagoen lan prekarietateaz ere jardungo dira
Udako etenaldiaren ostean, Xabier Lapitzek aurkeztu eta zuzendutako 'En Jake' saioa astelehenean itzuli zen. Plato berria estreinatzeaz gain, kolaboratzaile gehiago izango dituzte eta kalera sarriago irtengo dira.
ETB2ko gastronomia saioak ere bueltan dira. Javi Sierra sukaldaria Euskal Herriko mugetatik harago joango da 'Juego de Cartas' saioko denboraldi berrian. Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek Donostiako kaian grabatutako saio bereziekin hasi dituzte emanaldi berriak. Udazkenean, 'A Bocados' saioaren errezeta liburua argitaratuko dute berebat. 'Historias a Bocados' saioak, berriz, aurkezle berria izango du laster. Joseba Arguiñano sukaldari zarauztarra herriz herri ibiliko da, bertako biztanleak ezagutu, sukaldearekin lotutako istorioak entzun eta lekuan lekuko jakiak dastatuz.
Ion Aramendik gidatzen duen '¡Que Me Estás Contando!' saioak ikus-entzuleak entretenitzen jarraituko du ETB2n bazkal ostean. Ondoren, 'Está Pasando' saioak aktualitate sozialaren eta pil-pilean dauden politika gaien jarraipena egingo du Klaudio Landaren eskutik. Gainera, aktualitatea umorearen ikuspuntutik aztertzeko, Aitor Gabilondo, Leire Orbe eta Sergio Arrospide aktoreen umorea eta ironia izango dugu 'Está Pasando y Punto' saioan.
Eguerditako ordutegian ikus-entzuleen aukera kuttunena bilakatu den 'Atrápame Si Puedes' lehiaketak bosgarren denboraldia abiatu du aste honetan Patxi Alonsoren eskutik. Aurten, halaber, inoizko zakurik handienarekin. Asteburuko saio bereziek ere jarraituko dute denboraldi honetan.
Bestalde, zinema zaleek 'La Noche de…' saioaz gozatzeko jarraitu ahal izango dute astearte gauero ETB2n, Felix Linaresen eskutik.
ETB3
'3zpa4'ko lau protagonistak, Jon, Izaro, Amets eta Maider, gorabehera berriekin izango dira bueltan. Musika taldea osatzen duten lau gazteak beraien entsegu lokalean batzeaz gain, ikastetxean ere ikusiko ditugu aurten.
Bestalde, '3txulo'ko Xbel, 2ttor eta 4rak abentura izugarriak biziko dituzte elkarrekin. Baina ez dira bakarrik egongo, Izeba Kattalin itzuliko da Benidormetik 3txulotarren etxera bazterrak astintzeko asmoz.
Horretaz gain, udazkenean marrazki bizidun berriak izango ditugu ETB3n, bereziki haur literatura irakurzaletasunarekin lotutako 'Zuhaitzeko Etxea'.
Albistegiak eta kirolak
Astelehen honetan, irailaren 3an, jarri da abian ETBko albistegien denboraldi berria. Urtean zehar lortutako datu onei eutsi eta euskal ikus-entzuleen informazio mina asetzen jarraitzea da helburu nagusia denboraldi berri honetan.
Kirol informazioari dagokionez, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietako kirol tarteetan euskal kirolarien eta kirol taldeen jardunak izango du lehentasuna. 'ETB Kantxa' saioan astero zuzeneko esku pilotako hiru emanaldi izango ditugu. Futbolari dagokionez, lehen mailako gure taldeei jarraipen integrala albistegietan eta 'Gol Festa' saioan, eta Bigarren B mailako partida bat larunbatero zuzenean. Arraun denboraldia amaitutakoan, 'Oreka' saioa izango dugu igande goizero. Bertan, zuzeneko emanaldiez gain, erreportajeak eskainiko dira. Aurten, atletismo arloan, lasterketa herrikoiei arreta berezia eskainiko zaie. Azkenik, herri kirolek eta boxeoak ohiko tartea izango dute.