Itxi

20:00etan

Joseba Arguiñanok 'Historias a Bocados' saioa aurkeztuko du gaurtik aurrera

EITB

Leer en Castellano

33 urteko gozogile zarauztarra Karlos Arguiñano sukaldari ezagunaren semea da, eta Euskal Herriko landa eremuetako gastronomia aberatsa ezagutzeko irrikaz dator Euskal Telebistara.

Joseba Arguiñano, "Historias a Bocados" saioaren aurkezle berria. (Argazkia: EiTB)

Hung Fai sukaldariak Joseba Arguiñano sukaldari eta gozogileari pasako dio 'Historias a Bocados' saioaren gidaritzaren lekukoa larunbat honetan. Aurkezle berriak Euskal Herriko landa eremuetako herriak bisitatuko ditu, bertako gastronomiaren eta auzokideen istorioak gertutik ezagutuz.

Karlos Arguiñano sukaldari ezagunaren semea da Joseba, eta 33 urterekin bere bizitzako erronka garrantzitsuenetariko bati aurre egin beharko dio: Euskal Herriko paraje ezberdinetan barrena murgiltzea, lekuan lekuko herritarren laguntzaz, kulturarekin eta gastronomiarekin lotutako istorioen bitartez. Jakin-mina eta energia ez zaizkio faltako abentura berri honetan murgiltzeko.

'Historias a Bocados' ez da Josebaren lehen esperientzia telebistan. Izan ere, 2017an Canal Novako 'Cocina Abierta' saioa aurkeztu zuen. Sukaldaritza munduan, gainera, ibilbide profesional oparoa izan du eta gozogile onenari Talento Gastro 2018 saria eman diote aurten.

Josebak berak aitortzen duenez, "etxean nuena ikusita, gastronomiaren munduan sartzea zen niretzat bide normalena. Horregatik naiz gozogilea, eta horregatik ditut gustuko irina, legamia, azukrea edo kakaoa bezalako osagai samurrak. Nire bizitza eta ingurukoena gozatzeko erabiltzen ditut".

"Txikitatik ikusi dut aita sukaldean, jatetxean eta telebistan. Hala ere, inork ez daki ni sukaldean sartzen nintzen bakoitzean, bokata bat eskatzen nuela … txokolatezko bokatak ziren nire gustukoenak", dio barre artean. Hamahiru urterekin lortu zuen Josebak bere lehen lana ostalaritzan, baina "ez nuen gustatzen zitzaidalako egin, motor bat erosteko dirua behar nuelako baizik', azaldu du.

Joseba Arguiñano, sukaldaria eta gozogilea

Joseba Arguiñano Zarautzen jaio zen 1985ean. Bere haurtzaroko oroitzapenen artean, hondartzan jokatutako futbol partidak, Euskal Herriko kostalde osoan zehar egindako surf lehiaketak, eta anai-arrebekin izaten zituen tirabirak gogoratzen ditu. Garai hartan, lasterketako auto-gidaria izan nahi zuen, baina DNAk bultzatuta, bere nortasun gastronomikoak laster hartu zuen indarra. Hamasei urterekin sukaldaritza ikasten hasi zen.

Bere formakuntzan zehar hainbat maisu izan zituen, horien artean, Pedro Subijana, Martin Berasategui eta Ferran Adria bezalako sukaldariak. Hala ere, berarentzat hiru pertsonek izan dute garrantzia gehien: Karlos Arguiñano aitak, Luisi Ameztoy amak eta Eva Arguiñano izebak.

Bere aita, sukaldari eta showman ezaguna telebistako sukaldaritza programen lehen lerroan egon da azkeneko hamarkadetan, eta Josebaren hitzetan "sukaldeari errespetua izatea eta bizitza duintasunez eramateko lanbide bat izatearen garrantzia" erakutsi zizkion semeari. Bere ama, jatetxearen eta etxearen zamarekin aurrera egin duen emakumea da, eta Josebak bizitzan dakien guztia bere amari zor diola aitortzen du. Amaitzeko, bere izeko Eva gozogintzaren munduan irakasle trebeena izan dela dio.

Gaur egun, Joseba Arguiñano Karlos Arguiñano Promociones SL familia-enpresaren baitan ardura karguak ditu: gozogintza eta okingintzako lantegiaren arduraduna da eta catering arduraduna ere bai. Aldi berean, bi okindegiren kudeaketa darama, bata Zarautzen eta bestea Donostian.

'Historias a Bocados', ETB2n

'Historias a Bocados' saioaren hirugarren denboraldia irailean hasi zen ETB2n. Atal bakoitzean herri ezberdin batera gerturatzen da saioa, bertako biztanleak ezagutzeko, sukaldearekin lotutako istorioak entzuteko eta produktu tipikoak dastatzeko.

Ander Gonzalez eta Hung Fai sukaldariek aurkeztu dute saioa aurreko denboraldietan eta asteburu honetatik aurrera, Joseba Arguiñanok hartuko du lekukoa. Txefaren gastronomia-osterak larunbat eta igandeetan izango dira ikusgai 20:00etatik aurrera.

Baina Hung Faik Josebari lekukoa pasa aurretik, 'botereen transferentzia' egingo dute, eta ondoren, larunbatean Urdulizen eta igandean Beizaman izango dira bertako istorio gastronomikoak ezagutzen.

Informazio gehiago (2)