Jarraipen zabala
Donostia Zinemaldiaren leihoa zabaldu du EiTBk
EiTB
Irailaren 29ra bitartean, Donostiako zinema jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur abiatuko den 66. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en irailaren 21etik 29ra bitartean.
Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean, gaueko bederatzietan. Gaurko gala Nagore Aranburuk eta Belen Cuestak gidatuko dute.
Aurten hiru Donostia sari banatuko ditu Zinemaldiak eta hiru ekitaldiak zuzenean izango dira ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en: larunbatean, 19:30ean, Danny Devito aktore, zuzendari eta ekoizleak jasoko du; igandean, 20:30ean, Hirokazu Kore-Eda zuzendari japoniarrak, eta asteartean, 19:30ean, Judi Dench britaniar antzezleak.
Irailaren 25ean, 21:00etan, Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Gala ere zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu. Bertan Ramon Agirre aktoreak Zinemira saria jasoko du eta Jainkoak ez dit barkatzen / God doesn't forgive me filma estreinatuko da.
Horrez gain, EiTBko hedabideek jarraipen berezia egingo diote irailaren 26an Victoria Eugenia antzokian egingo den EiTB Galari. Bertan, Víctor Cabacoren (Santander, 1967) Vitoria, 3 de marzo proiektatuko da. Zuzendari horren lehen film luzean, 1976an poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean euskal hiriburua astindu zuten gertakariak islatu ditu.
Zinemaldiak tartea izango du egunero ETBko albistegietan. Zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde osoa arituko da lanean horren guztiaren berri emateko bederatzi egunetan. '¡Qué Me Estás Contando!', 'Está Pasando' eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere jarraipen estua egingo diote. Halaber, 'EiTB Kulturak' aurtengo edizioan aurkeztuko diren zenbait euskal filmeri buruzko erreportajeak eskainiko ditu datozen asteetan.
Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin
Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaletuen iritziak ekarriko dizkigu Mertxe Etxeberria gidari izango duen taldeak, eta iruzkina, balorazioa eta eztena gehituko dizkie Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso zinema kritikoak. Goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 16:00etan zabalduko ditu zinemaldirako leiho bereziak, 'Faktoria' eta 'Hiri Gorrian' saioetan. 14:15ean 'Kultur Leihoak' egunari errepaso zehatza emango dio Mari Jose Uria lankidearen laguntzarekin. Aurten, zinemaldian aurkeztuko den euskal produkzioari erreparatuko dio bereziki Euskadi Irratiak. Asteburuan ere guztiaren berri zehatza emango du Mikel Yarza lankideak albistegietan ez ezik 'Amarauna' saioan.
Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Ainhoa Agirre eta Mari Jose Villaverde kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema jaialdiaz egunero.
Webgune berezia eitb.eus-en
eitb.eus-ek, berriz, gune berezia eskainiko dio, eta Zinemaldiak ematen duena bere ikuspegitik landuko du bertan. Halaber, streaming bidez emango ditu ekitaldi berezienak. Bideoak eta argazki galeriak ere argitaratuko ditu, eta telebistako eta irratiko lankideek sortutako edukiak kaleratuko dituzte. Webak arreta berezia jarriko die Euskal Zinemaren galari eta EiTB Galari, eta Donostian proiektatuko diren hainbat euskal filmen (Oreina, 592 metroz goiti, Gure oroitzapenak...) egileak elkarrizketatuko ditu.
Horrez gain, Felix Linaresek kronika egingo du egunero webgunerako.