19:30ean
'La Víctima Número 8' telesailaren aurrestreinaldia, gaur, Bilbon
EITB
Telesaila urriaren 10ean, asteazkena, estreinatuko da ETB2n.
Gaur, EiTBk 'La Víctima Número 8' telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia eskainiko du Bilboko Campos Eliseos antzokian. Emanaldia 19:30ean izango da, eta bertan izango dira Marc Cistaré telesailaren sortzailea eta María de Nati, César Mateo, Veronika Moral, Iñaki Ardanaz, Farah Hamed eta Lisi Linder aktoreak.
Ondoren, urriaren 10ean iritsiko da guztion etxeetara. Izan ere, ETB2n asteazkenetan izango da telesaila ikusgai, ordutegi nagusian, 22:30ean hasita.
'La Víctima Número 8' telesailak Bilboko Alde Zaharrean gertatuko den atentatu jihadista bat izango du abiapuntu, eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du.
Biktimak eta hiltzaileak izango dira kutsu pertsonaleko istorio honetako protagonistak. Thriller baten moduan kontatuta dago, eta horiek ankerkeriaren ondorioak nola bizi dituzten erakutsiko digu. Poliziaren ikerketaren xedea hilketaren erantzuleak harrapatzea izango da. Giza ehiza horretan, pertsonaiak ezusteko gertakarien zurrunbilo zoro batean murgilduko dira.
'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako ekoizpena da. Marc Cistaré da produktore eragilea, Alejandro Bazzano zuzendaria eta David Azcano argazki zuzendaria.
Aktore talde handi batek hartu du parte bertan, hauek tartean: Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Marcial Alvarez, Farah Hamed, Lisi Linder, Oscar Zafra eta Iñaki Ardanaz.
Euskal Telebistak, Telemadridek eta Globomedia ekoiztetxeak elkarlanean egindako lana da 'La Victima Numero 8'.