Itxi

Aurkezpena

'La Victima Numero 8' telesaila aurkeztu dugu Bilbon

EiTB

Arratsaldean lehen atalaren aurrestreinaldia eskainiko dugu Bilboko Campos Eliseos antzokian eta asteazken gauean izango da estreinaldia ETB2n.

Euskal Telebistak 'La Víctima Número 8' telesaila aurkeztu du, gaur asteartea, EiTBren Bilboko egoitzan. Bertan izan dira, Marc Cistare telesailaren sortzailea eta Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Iñaki Ardanaz, Farah Hamed eta Lisi Linder aktoreak.

Euskal Telebista eta Telemadrid telebista autonomikoek eta Mediapro taldeak elkarlanean egindako ekoizpena da, Globomedia eta K2000 produkzio-etxeen bidez. Prentsaurrekoan haien ordekariak ere izan dira: Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, Carmen Gonzalez Telemadrideko Ikus-entzunezko Edukien zuzendaria, eta Blanca Baena Mediaproko ekoizle eragilea eta K2000ko Fikzio zuzendaria.

Arratsaldean, berriz, telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia izan da, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Bertan izan dira aktore protagonistak eta sortzailea, baita EiTB, Telemadrid eta Mediaproren ordezkariak, eta ETBko eta hiriko aurpegi ezagunak ere.

Eta ondoren, asteazken gauean, 22:30ean, izango da estreinaldia Euskal Telebistan.

Telesaila

Bilboko Alde Zaharrean gertatuko den atentatu jihadista bat izango du abiapuntu 'La Victima Numero 8'k, eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du.

Biktimak eta hiltzaileak, guztiak izango dira kutsu pertsonaleko istorio honetako protagonistak. Thriller baten moduan kontatuta dago, eta pertsonaia horiek ankerkeriaren ondorioak nola bizi dituzten erakutsiko digu. Poliziaren ikerketaren xedea hilketaren erantzuleak harrapatzea izango da. Giza ehiza horretan, pertsonaiak ezusteko gertakarien zurrunbilo zoro batean murgilduko dira. Gaurko prentsaurrekoan emakumezkoen paperek duten garrantzia aipatu dute hitza hartu duten guztiek. Emakume indartsuak, ausartak eta egiaren bila gogor jardungo direnak ikusi ahal izango ditugu. Maite Iturberen hitzetan, telesailak "emakumeak ahalduntzen ditu".

'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako ekoizpena da. Marc Cistare da produktore eragilea, Alejandro Bazzano zuzendaria eta David Azcano argazki zuzendaria.

Aktore talde handi batek hartu du parte bertan, horien artean, Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Marcial Alvarez, Farah Hamed, Lisi Linder, Oscar Zafra eta Iñaki Ardanaz dira protagonista nagusiak.

Lehen atala, Omar

Asteazken honetan ikusi ahal izango dugu lehen atala, Omar deiturikoa. Atalaren hasieran, Bilboko Alde Zaharrean atentatu jihadista izugarria gertatuko da eta furgoneta batek ehunka pertsona harrapatuko ditu, hainbat hildako eraginez. Munduko albistegi guztiek gertatutakoaren berri emango dute. Zaurituen artean, Gorka Azkarate dago, Bilboko familia aberats bateko seme nagusia.

Bien bitartean, Ertzaintza Jamal familaren etxera sartuko da ustekabean. Omarren bila dabiltza. Froga guztien arabera, marokoar jatorridun gazte hau da ustezko terrorista eta atentatuaren egilea. Haren familiak ez du gertatzen ari dena ulertzen. Izututa daude eta ez dakite Omar non dagoen. Bezperan Edurne neskalagunaren familiarekin afaltzekoa zen, baina ez zen azaldu. Ez Edurnek ezta Omarren amak ere, ezin dute sinetsi munduan gehien maite duten pertsona hiltzaile bat denik.

Koro Olaegi ertzaina, Gorka Azkarate zaurituaren laguna, ikerketaren arduraduna da. Gertaera argitzeko bere esku dagoen guztia egingo du.

Asteazkenero, 22:30ean, emango da 'La Victima Numero 8' eitb.eus-en eta ETB2n.

Informazio gehiago (1)