Kirolak
Atletismoa, herri kirolak eta pilota, gaur, EiTBko kirol eskaintzan
EiTB
11:00etatik hasita kirol eskaintza oparoa izango da ikusgai, egun guztian zehar, ETB1en eta eitb.eus-en.
Urtero moduan Behobia-Donostia lasterketaren jarraipena egingo du Euskal Telebistak Donostiatik zuzenean. 11:00etan hasita, Juanan Legorburuk, Xabier Leibarrek eta Anartz Agirrek lasterketaren xehetasunen berri emango dute.
12:50etan, berriz, Juanan Legorburuk eta Xabier Leibarrek Atapuerkarekin egingo dute zuzeneko konexioa bertan jokatuko den Crossaren kontaketa egiteko.
Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, aizkora apustua izango da ikusgai. Aitzol Atutxak, Iker Vicentek eta Arria V.ak indarrak neurtuko dituzte. Ibon Gaztañazpi eta Jose Etxebeste arituko dira esatari lanetan.
Azkenik, 17:00etan 'ETB Kantxa' tartean hiru pilota partida izango dira ikusgai Tolosatik zuzenean. Binakako partida batek girotuko du arratsaldea: Jaka-Galartza / Laso-Eskirozen aurka arituko dira. Ondoren, Lau T’erdiko Txapelketako hirugarren posturako lehian, Bengoetxea VI.ak Urrutikoetxeari egin beharko dio aurre. Arratsaldea binakako beste partida batekin amaituko da: Mendizabal-Lasa / Agirre-Etchegoin. Jaialdiaren kontaketa egiteaz Xabier Euzkitze, Joxean Tolosa eta Elena Azpeitia arduratuko dira.
Kirol-jarduera guztiak Euskal Telebistaren lehen katean eta eitb.eus-en izango dira ikusgai.