Kirolak
Europako Boxeo Txapelketa, gaur gauean, BECetik zuzenean, ETB1en
EiTB
Kerman Lejarragak eta Frankie Gavinek welter pisuko Europako Txapelketa jokatuko dute.
Europako Boxeo Txapelketaren jarraipena egingo du gaur Euskal Telebistak, BECetik zuzenean. Emanaldia 21:00ak aldera hasiko da, eta Pedro Mari Goikoetxeak egingo ditu gidari lanak Manu Maritxalar lagun duela. Sara Gandara arduratuko da BECeko giroa jasotzeaz eta elkarrizketak egiteaz.
Boxeo gaua Jon Miguez eta Abdessamad Nechchaden arteko borrokaldiarekin hasiko da. Jon Miguez Getxon jaio eta Castron bizi den 21 urteko boxeolari bat da, eta orain arte egin dituen zortzi neurketetan garaipena lortu du. Horren ondoren, Jorge Fortea eta Rafael Chirutaren arteko norgehiagoka izango da. Fortea valentziarrak emaitza onak lortu ditu orain arte: 17/1/1. Jarraian, Ibon Larrinaga eta Carlos Ramosek luma pisuko Espainiako Txapelketan jokatuko duten neurketa izango da ikusgai. Larrinaga getxoztarrak 11 irabazi ditu eta bi galdu. Ramos madrildarrak, ostera, bederatzi irabazi eta bakarra galdu du.
Gaua amaitzeko, Kerman Lejarraga eta Frankie Gavinen arteko welter pisuko Europako Txapelketa eskainiko da. Morgako boxeolaria orain arte egin dituen 26 borrokaldietan nagusitu da. Gavin britainiarraren emaitzak, berriz, honakoak dira: 26 garaipen, hiru porrot eta guztia 15 k.o. Gavin, Britainia Handiko, Kontinentearteko eta Commonwealtheko txapeldun izan da. Munduko titulua jokatzera ere heldu zen, baina Kell Brookek garaipena eskuetatik kendu zion.
Europako Boxeo Txapelketa 21:00etan izango da ikusgai ETB1en.
Kirol-eskaintza oparoa arratsaldean zehar
Naxari Altuna eta Juanan Larrañagaren eskutik, Bigarren B Mailan Real Union eta Barakaldoren arteko partida izango da ikusgai 16:00etatik aurrera zuzenean Irundik. Partida ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahalko da.
Emakumezkoen pilota izango da protagonista 17:00etatik aurrera. Bilbotik zuzenean, eskuzko Emakumezkoen Bizkaia Torneoa eskainiko da ETB4n eta eitb.eus-en. Iñigo Aiestaran eta Patri Espinar pilotari ohia arduratuko dira partidaren jarraipena egiteaz.
18:00etan 'ETB Kantxa' tartea irekiko da Lantziegotik zuzenean binakako bi partida eskaintzeko. Lehenengoa Peña II-Salaverri / Bakaikoa-Aranguren artekoa izango da. Bigarrena, bestalde, Victor-Untoria bikoteak Arteaga II-Mariezkurrena IIren aurka jokatuko duena. ETB1en eta eitb.eus-en eskainiko dira partidak, eta Josetxo Lizartza, Jokin Errasti eta Xabier Andueza arituko dira esatari lanetan.