Itxi

20:00etan

Joseba Arguiñanok Antzuola bisitatuko du gaur arratsaldean

EiTB

Leer en Castellano

Sukaldari zarauztarrak Luki ezagutuko du, ETB1eko '3txulo' saioko protagonistetako bat.

Joseba Arguiñano, saioaren aurkezlea. Argazkia: EiTB

Euskal Herrian zehar egiten ari den txango partikularrari jarraipena emanez, Joseba Arguiñano sukaldari eta gozogile zarauztarrak Antzuolan egingo du geldialdia larunbat honetan 'Historias a Bocados' saioan.

Behin baino gehiagotan agertu da Luki azeria ETB1eko '3txulo' saioan, eta Iñaki Mata da txotxongiloaren sortzailea. Josebak arrautza frijituak piperrekin egingo ditu bientzat, eta Iñakik azalduko dio nola hartu zuen Fagor enpresako I+G saila utzi eta berak egindako panpinekin kale ikuskizunak egiten hasteko erabakia. Bukatzeko, Iñakik Rodrigo aurkeztuko dio, bere gurasoen omenez sortu eta migrazioaren gaia lantzeko erabiltzen duen txotxongiloa.

Amaia Laskurainek eta Txomin Alberdik osatzen duten bikoteak lana ere partekatzen du. Horiek ere, aurretik zuten lana utzi zuten proiektu berri bati ekiteko elkarrekin: gaztandegi bat dute orain, eta era askotako esnekiak egiten dituzte. Joseba gaztandegian atzera eta aurrera ibiliko da, eta etxeko gazta ezberdinak dastatuko ditu.

Alaitz Jauregi Antzuolako litxarreria-denda bakarraren jabea da, eta bertan haurrentzako hainbat tailer antolatzen dituela azalduko dio Josebari. Atun-opilak egingo dituzte elkarrekin, eta, horiek jan bitartean, bere herritik gertuago egoteko Gasteizen irakasle bezala zuen plaza finko bati uko egin ziola esango dio Alaitzek.

'Historias a Bocados' Antzuolan izango da gaur, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)