22:30ean
'Vascos por el Mundo' saioak Habana ezagutuko du gaur gauean
EITB
Gorka Vallejo kazetariak Kubako hiriburua ezagutuko du bertan bizi diren bost euskaldunen eskutik.
Lehenik eta behin, Jesus ezagutuko du, Arrasateko 60 urteko enpresaria. Bere bizitzan zehar 20 herrialde baino gehiagotan bizi izan da, eta azkeneko zortzi urteak Habanan eman ditu. Berarekin zigarro habanoak nola egiten diren ikusiko dugu. Gainera, euskal ohiturekin jarraitzeko, beste enpresari euskaldun batzuekin txoko batean elkartzen dela jakingo dugu.
Iñigok 26 urte ditu eta ingeniari bezala lan egiten du ron fabrika batean. Bi urte daramatza Kuban eta uharte honetan bizitzea bere plana ez zela aitortuko digu. Donostiarra izanik, Habanako izozkirik onena probatzera eramango gaitu Coppelia izoztegi ezagunera. Halaber, bera bizi den herrira, San José de la Lajas-era joango gara, haren esanetan, benetako Kuba ezagutzera.
Maitek 33 urte ditu eta hotel kate garrantzitsu bateko komunikazio zuzendaria da. Kapitolioko sekretuak erakutsiko dizkigu eta gainera, uharteko paradisuzko toki batera eramango gaitu, Varaderoko hondartzetara, hain zuzen ere.
Gillenek magia gehien duen hiriko auzoa erakutsiko digu, Hammeleko kalea. Gainera, Euskal Zentroa ezagutuko dugu berarekin, baserri baten antza duen jatetxe bat da, ospe handikoa, eta bezero moduan, besteak beste, Hemingway eta Sinatra, hartu dituena.
Amaitzeko, Patriciarekin izango dira, 36 urteko santurtziarrak zortzi urte daramatza Kuban kooperazio lanetan. Berarekin Iraultzaren Plaza ezagutuko dugu eta baita El Templete tokia ere, bertan sortu zen hiria duela 500 urte.
'Vascos por el Mundo' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.