ETB1en eta ETB2n
'Eusko Ikaskuntza. 100 urte asmoz ta jakitez' dokumentala, asteburu honetan, EiTBn
EITB
Eusko Ikaskuntzak bete berri dituen ehun urteei buruzko ikus-entzunezkoa larunbatean izango da ikusgai ETB1en, 21:00etan, eta igandean, ETB2n, 23:30ean.
Eusko Ikaskuntzak bete berri dituen ehun urteei buruzko 'Eusko Ikaskuntza. 100 urte asmoz ta jakitez' dokumentala eskainiko dute ETB1ek eta ETB2k asteburu honetan.
1918an sortu zen Eusko Ikaskuntza, Lehen Mundu Gerrak Europa suntsituta utzi zuenean. Urte hartan, Euskal Herriko pentsalari eta aditu jantziak Oñatin elkartu ziren, euskal kulturari buruz egindako ikerketak ikuspegi unibertsaletik baliatzeko asmoz.
Euskaltzaindiaren sustatzailea izan zen Eusko Ikaskuntza, baita Euskal Unibertsitate Publikoa sortzeko ekimenaren lehen bultzatzailea ere, eta Euskadi eta Nafarroarako Autonomia Estatutu bateratuaren lehen proiektu bideragarria idatzi zuen Eusko Ikaskuntzak.
Miguel Primo de Rivera eta Francisco Francoren diktadura militarren aurrean, irauten jakin zuen erakundeak. Bazkide zituenak Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran han-hemenka barreiatu ziren arren, 1978an berpiztu egin zen Eusko Ikaskuntza, artxibo ahaztuak berreskuratzearekin batera, eta gerra aurretik bazkide izandako azken lekukoek euskal intelektualen belaunaldi berriari eskualdatu zioten ezagutzaren zuzia.
'Eusko Ikaskuntza. 100 urte asmoz ta jakitez' larunbat honetan izango da ikusgai ETB1en, 21:00etan, eta igandean, ETB2n, 23:30ean.