Itxi

22:00etan

Santiago Brouarden hilketa, gaur gauean, '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

'Caso Brouard, bajando a las cloacas del Estado' erreportajeak epailearen sumarioa aztertu eta informazio berria emango du.

Jose Amedo komisariorde ohi eta GALeko antolatzailea. (Argazkia: EiTB)

'360º' saioak Caso Brouard, bajando a las cloacas del Estado izeneko erreportajea eskainiko du gaur. Bertan, Santiago Brouarden hilketaren prozesu judiziala ikertuko dute eta orain arte entzun gabeko testigantzak eskainiko dituzte.

Programak epailearen sumarioan sartzeko aukera izan du eta bertan informazio berria eta baliotsua topatu du. Horrez gain, fiskalen eta lekukoen adierazpenak, adituen txostenak, azterketa balistikoak eta balio handiko dokumentuak (bere garaian gertaerak ulertzeko modua manipulatu ahal izan zituztenak) bildu ditu.

Rafael López Ocañak eta Luis Morcillok azalduko dute Barne Ministerioko zenbait goi karguk eman zietela Santi Brouard hiltzeko agindua. Egitekoa pausoz pauso nola bete zuten eta ordainetan zenbat diru jaso zuten ere kontatuko dute.

Rafael López Ocañak, hedabide bati emandako azken elkarrizketan, Euskal Telebistari egin dizkio adierazpen argigarri hauek. Luis Morcillo hilda dago eta haren hitzak José Amedok egindako grabazio batetik ateratakoak dira, eta orain arte ez dira inoiz entzun. Jose Amedo komisariorde ohi eta GALeko antolatzailearen eta Morcilloren arteko elkarrizketa horretan atentatuaren inguruko xehetasun guztiak entzun daitezke, nola eta nortzuek prestatu zuten.

Brouard auziaren inguruan ezkutuan egon diren pieza guztiak osatuko ditu '360º' saioak. Izan ere, José Amedoren adierazpenenek argi utziko dute Estatuak gertaera honekin izan zuen lotura. Bestalde, Brouard auzian akusazioaren abokatua izan zen Txema Monterok epailearen sumarioa ulertzen lagunduko digu.

Trama beltzak eta inoiz garbitu ez diren erantzukizunak kontuan hartuta, Santi Brouarden hilketa paradigmatikoa da Estatuaren estoldetara jaisteari buruz.

'360º' saioa gaur izango dugu ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB2n.

Informazio gehiago (1)