Itxi

22:30ean

'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' saioaren 2. atala, gaur gauean, EiTBn

EiTB

Besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlea, Iñaki Perurena harri-jasotzailea eta Iñaki Salvador musikaria izango dira bertan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskaraldia abian den honetan, ETB1ek 'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' saioaren bigarren atala eskainiko du gaur gauean. Euskaraldiaren xehetasunak ezagutarazteaz gain, Edurne Azkaratek hamaikakoa osatzen jarraituko du Euskal Herri osoan barrena bidaiatuz.

Tartean, aurpegi ezagun asko bisitatuko ditu: Toti Martinez de Lezea idazlea, Iñaki Perurena harri-jasotzailea eta Iñaki Salvador musikaria, besteak beste. Euskaraldia nola bizi duten kontatzeaz gain, euskararekin duten lotura berezia ere azalduko diote.

Edurne Azkaratek bestelako istorioak ere bilduko ditu: Manu Bendala andaluziarrarena, adibidez. Duela zortzi urte Sevillatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta Arabako Bertsolari Txapelketan kantatu berri du inguruko guztien harridurarako.

Azpimarratzekoa da Titty Thusberg finlandiarraren kasua ere. Moda diseinatzaile hau duela 20 urte etorri zen Euskal Herrira, eta gaur egun euskaraz bizi da Donostiako Egia auzoan. Horrez gain, Arabako Errioxara ere egingo du bisita Azkaratek, eta Euskaraldiaren aitzakian, Ibai Verlaine oiondar gazteak kontatuko dio zein diren euskaraz bizitzeko dituzten ilusio eta zailtasunak.

Hamaikakoa osatzeaz gain, Edurne Azkarate Euskaraldian sartuko da buru-belarri, eta Euskal Herriko hainbat txokotan nola bizi duten ikusiko du. Ahobizi eta belarriprest kontzeptuak Lasarte-Orian asmatu zirela jakingo du, Agurainen egin duten mural erraldoian parte hartuko du eta Ipar Euskal Herrian zabaldu zen lehen haur-eskola euskalduneko haurrekin ospatuko du Euskaraldia.

Lehen saioaren arrakastaren ondoren, 'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' saioaren bigarren atala, gaur izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean hasita.

Bideoak (1)