Abenduak 3
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute EiTBko hedabideek
EiTB
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute arratsaldean Donostian egingo den ekitaldia, eta 'Hamaika' dokumentala izango da ikusgai gauean. Irratiek ere, eduki bereziak izango dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren hamaikagarrena izaki, EiTBko hedabideek eduki bereziak izango dituzte egun osoan zehar.
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute 19:00etan Donostian egingo den ekitaldi instituzionala, Xabier Sukiaren kontakizunarekin. Iñigo Urkullu lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak hartuko dute parte Kursaaleko kubo txikian egingo den ekitaldian.
Hamaika dokumentala
Gauean, 22:30ean, Hamaika dokumentala izango dugu ikusgai. Euskaraldiaren arrakastaren atzean dagoena erakusten du ikus-entzunezkoak. Dimentsio sozialeko bakarkako ariketa berritzailearen aurrekariak eta prestaketa kolektiboa, ahobizi eta belarriprest txapen ostean ezkutatzen den (euskalgintzako) eragileen zein euskaltzale boluntarioen hilabeteetako lana, ilusioa, konpromisoa eta etorkizun euskaldunago baterako grina.
Euskaraldiari urte oso batean egindako jarraipena erakusten du dokumentalak. Bilbotik Erriberara eta Erriberatik Angelura, euskararen lurralde osoko pertsonak hartuko ditu protagonista. Euskararen erabilerarekin lotutako euren bizipenak kontatuko dituzte, euskararentzat egindako ekintzak euren azaletik kontatuz, beraiengan izandako eragina, nola bizi dituzten, zer sentiarazten dieten...
Euskarak transformazio intimo eta pertsonalak behar ditu hizkuntza jarrerak aldatzeko, eta horren hainbat adibide jasotzen ditu dokumentalak: 12 urterekin euskara deskubritzeko barne behar bat sentitu eta orain ahobizi den gaztearena; bertan sortu ez arren, gutar bihurtu den irrati esatari ezagunarena; berak beretzat lortu ez arren, alabek euskara izan dezaten lan egin duen pilotari txapeldunarena; mundu mailako ospedun taldeko musikari erabat belarriprestarena; belaunaldi bateko etenaren ostean euskara berreskuratu duen familiarena, eta lantokian euskarari arnas eman dioten eta ematen dioten hainbatena.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arteko egunen jarraipena ere egingo dute, protagonistekin eurekin, gizarte ariketa berritzaile eta ilusionagarri hau nola gauzatu den erakusteko.
Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusien jarraipena telebistan, irratian eta Interneten
Egunean zehar, ETB1en eta eitb.eus-en euskarari buruzko hainbat dokumental izango ditugu ikusgai. Irratiko eta telebistako albistegietan, eguneko ekitaldi nagusien kontakizuna egingo dute, eta programetan ere eduki bereziak landuko dituzte, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez eta hamaika egun iraun duen Euskaraldia ekimenaren nondik norakoak aztertuz.
Euskarari eta Euskaraldiari buruzko eduki guztiak eitb.eus-en egongo dira eskuragarri.