Online
'Gutuberrak' webseriea aurkeztu dute Durangoko Azokan
EiTB
Familia baten etxegabetzearen inguruan arituko da eitb.eus-en ikusgai den 'Gutuberrak' webserie berria.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ostiral honetan, abenduak 7, 'Gutuberrak' izaera transmedia duen webserie berria aurkeztu dute Durangoko Azokako EiTB Gunean. Nomofobiak seriearen lantalde beraren eskutik, Erronka Berriak ekoiztetxeak EiTBren partaidetzarekin ekoitzitako euskarazko webseriea da, eta Axen Egaña, Amaia Lizarralde, Olatz Beobide, Nerea Arriola, Ioritz Tapia, Liah Regalado eta Edurne Azkarate dira aktore protagonistak. Talde osoa egon da gaur Durangon, eta Iñako Gurrutxaga eitb.eus-eko Edukien burua, Olatz Beobide seriearen zuzendaria eta Pedro Fuentes gidoilarien burua aritu dira aurkezpenean.
Familia batek etxegabetze baten mehatxuari aurre egin behar diola kontatzen du 'Gutuberrak' webserieak, eta, behar duen dirua lortzeko, youtuber bihurtzea besterik ez zaie bururatzen etxetiarrei. Errealismoa gizarte kritikarekin nahasten duen tonuan, batzuetan gogorrak izan daitezkeen egoerak jorratzen dira, eta bizitzako egoera zailei umore ona gehitzen zaie.
Izaera transmedia duen webseria da. Gaur egun ditugun narrazio-elementu guztiak erabiliz, Instagram, Facebook eta Twitter bidez ere jarraitu ahal izango ditugu gure pertsonaien gorabeherak. Era berean, WhatsApp eta Skype eguneroko tresnak pertsonaiak elkarrekintzan aritzeko modu naturala izango dira, eta pantailatik harago gertatzen zaien guztia jarraitu ahal izango dugu. Narratzeko modu berri honekin, ikusleak fikzioan gertatzen dena askoz ere errealago eta hurbilago sentituko du.
Abenduaren 6tik aurrera dago 'Gutuberrak' seriea eitb.eus-en ikusteko aukera, https://www.eitb.eus/gutuberrak/ orrialdean; bertan daude jo eta su protagonistak, telesailaren nondik norakoen gaineko iruzkin eta galderei erantzuten. Aurretik aipatu bezala, ikuslea beraiekin harremanetan jarri ahal izango da Internet bidez, sentimendu eta pentsaera guztiak partekatzeko bidea zabalduz. Webserieak bost aste iraungo du, eta lau atal igoko dituzte astero. Igandero, EiTB Nahieran atarian, asteko atalen bilduma egongo da ikusgai.