Itxi

ETB2n, 22:15ean

'VOX, la ambición de Santiago Abascal', gaur, '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Espainiako alderdi ultraeskuindarren artean indarra hartzen ari den buruzagia elkarrizketatuko du Eider Hurtadok, hura gertutik ezagutu duten hainbat pertsonarekin batera.

Eider Hurtado eta Santiago Abascal "360º" saioan. Argazkia: EiTB

ETB2k eta eitb.eus-ek VOX, la ambición de Santiago Abascal erreportajea eskainiko du berriz ere gaur gauean . Eider Hurtado kazetariak aurkezten eta gidatzen duen saioak VOX alderdi ultraeskuindarreko buruzagia izango du hizpide, eta azken boladan hartzen ari den protagonismoaren nondik norakoak ikertuko ditu. Gai honek sortzen duen ikusminaren adierazgarri dugu Euskal Telebistaren erreportajeak Katalunian eskuratutako audientzia datu bikaina asteartean TV3 kanalean eskaini zutenean.

Joan den igandeko Andaluziako hauteskundeetako emaitzak VOX alderdiaren gorakadaren isla dira. Santiago Abascalen eta haren alderdiaren oihartzun mediatikoa handituz doaz. Andaluziako mapa politiko berriak ekar ditzakeen ondorioak eta Eider Hurtadoren erreportajearen gakoak aztertzeko, Arantza Ruizek gidatuko duen saio berezia izango dugu ikusgai '360º'eko erreportajearen aurkezpen moduan. Juanjo Alvarez, Garbiñe Biurrun, Pablo Montesinos eta Lourdes Perez adituen laguntza izango du.

Jaiotzez bilbotarra den arren, Amurrion hazi zen Santiago Abascal. Hogei urtez Euskadiko Alderdi Popularreko kide izan ostean, Madrilera alde egin zuen. Pixkanaka bere joera politikoak erradikalizatuz joan dira, VOXeko buru izateraino. ETB2ko saioak ikerketa jarriko du abian, Abascal nolakoa den, jarrera aldaketa horren arrazoiak eta ezkutuko interesik ote dagoen jakiteko.

Lehenik eta behin, protagonista bera elkarrizketatuko du Eider Hurtadok, eta, ondoren, berarengandik gertu lan egindako jendea. Horien artean, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak Abascalek Madrilera zergatik alde egin zuen ulertzeko gakoak emango dizkigu. Espainiako hiriburuan, Esperanza Aguirre bilakatu zen haren gidari.

Valentziara ere joango da '360º' saioko lantaldea, ultraeskuindarren habia den erkidegora. Santiago Abascalek emandako mitin batean egongo dira, eta bertan ohartuko dira VOXeko militanteak frankismoaren aldekoak direla.

Alderdi ultraeskuindarreko hiru afiliatu ohirekin ere elkartuko dira. Gogor mintzatuko dira Abascalen inguruan: oportunista bat dela, helburu ekonomikoek eta profesionalek eraman dutela alderdi horren buruzagitzara…

Amaitzeko, alderdiaren finantziazioaren eta jatorriaren inguruan arituko dira: Mexikoko El Yunque alderdi ultraeskuindarrarekin duen harremanaz; Espainiako enpresa handiek, hedabideek eta nazioarteko presio taldeek alderdian duten eraginaz; bidegabeko diru-iturriez…

'360º' saioaren VOX, la ambición de Santiago Abascal erreportajea gaur izango dugu ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15ean.


Informazio gehiago (2)