Itxi

22:30ean

'Señoras y señores: somos trans', gaur gauean, 'Punto de Vista' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Hiru protagonistaren eskutik, transexualitatea sozialki testuinguruan kokatzen saiatuko da ETB2n eta eitb.eus-en ikusgai izango den bigarren atala.

'Punto de Vista' saioko irudia. Argazkia: EiTB

Señoras y señores: somos trans da gaur gauean ikusgai izango den 'Punto de Vista' saioaren atalaren izenburua. Iñaki Elorzak gidatzen duen saioaren ezaugarrietako bat kamera subjektiboaren erabilera da. Izan ere, ikuspegi pribilegiatu honetatik, ikusleek gertuagotik ikusi eta uler dezakete pertsonaien errealitatea.

Ostiraleko saioa transexualitatearen inguruan arituko da, eta Aresen, Luarren eta Chloeren testigantzak bilduko ditu Iñakik horretarako. Protagonistek euren identitatea gizartean kokatzeko jarraitu behar izan duten prozesua nolakoa den erakutsiko digute.

Sexu batekin edo bestearekin jaiotzea ez da kontu mediko bat soilik, identitate kontua baizik, izan ere, biologiak hautatutako sexu batekin munduratzen gara. Hala ere, gizon eta emakume askok euren identitateak eta sexu genitalak bat ez datozela sentitzen dute. Sarritan sentitzen dute transexualek gizarteak ez dituela ulertzen, irainak eta sexu-erasoak jasotzen baitituzte. Egoera latz horrek Ondarroako nerabe bat bere buruaz beste egitera bultzatu zuen duela urtebete.

Protagonista guztiak anonimoak izango dira saioaren hasieran, baina saioaren bukaeran aukeratu ahal izango dute anonimo izaten jarraitu edo ez. Testigantza harrigarriak bilduko ditu ostiraleko saioak, eta lotsak, aurreiritziek edo ondorio pertsonalek anonimo izatera eraman dituzte.

Horien ikuspegia islatzeaz gainera, saioak protagonisten inguruko pertsonen eta adituen testigantzak bilduko ditu, bakoitzaren egoerak testuinguruan hobeto kokatzeko.

'Punto de Vista: Señoras y señores: somos trans' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)