20:00etan
Ergoienen izango da igandean 'Historias a Bocados' saioa
EiTB
Joseba Arguiñano Ergoieneko auzokiderekin izango da euren istorioak eta bertako ohitura gastronomikoak ezagutzeko.
Gaurko saioan Joseba Arguiñano sukaldariak Ergoien bisitatuko du, Oiartzungo auzoa. Bertako auzokideek herriko gastronomia hobeto ezagutzen lagunduko diote.
Jose Manuel eta Xixario Zalakain 50 urteko bi anai biki dira. Galtzata baserria eramaten dute biek, eta ardi latxen artzaintza eraman eta gazta ekoizten dute bertan. Egunotan, ardiak erditu berri direnean, arkumeen salerosketa ere egiten dute. Ondoren, Josebak arkumea dastatzeko aukera izango du, bikiek Egoieneko bizimodua eta gabonak nola bizi dituzten kontatu bitartean. Arkumeen aukeraketa prozesua nola eramaten duten ere ezagutuko du Josebak eta bertako gazta dastatzeko aukera ere izango du.
Ramon Izurza 60 urteko auzokidea da eta oiloak kudeatzen ditu baserrian. Oiloak gizentzeko zikloan, Josebak Ramon ziklo aldaketan harrapatuko du, hau da, Ramon 5.000 oilo txiki jasotzeko zain izango da. Oiloak etxaldera 40 gramorekin sartzen dira eta hiru hilabete dutenean 2 kilo t’erdirekin irten, beraz zikloko puntu honetan, ezingo dute ezer egin. Josebak lurzorua txiribilez eta pentsuz betetzen lagunduko dio Ramoni. Bizimodu honen aurretiko Ramonen bizitza guztiz desberdina zen, izan ere, 9 urtez aritu zen Arditurriko meategian lanean. Bertara hurbilduko dira biak, lurpeko bizimodua ezagutzeko asmoz. Plater gastronomikoari dagokionez, oilaskoa prestatuko dute.
Joseba Zapirainek 52 urte ditu eta Olatz Salaberriak 50 urte. Ergoieneko Iriberri jatetxea eramaten duten bikotea dira hauek. Toki honetan, sorpresa askorekin egingo du topo Josebak; batetik, ostruka batekin aurkituko da, 1 kilo eta 300 gramotako arrautzak jartzen dituen ostruka batekin hain zuzen. Sukaldean bakailaoa piperrekin prestatuko dute bikoteak sukaldaritza munduan nola hasi ziren kontatzen dioten bitartean. Bigarren sorpresa aldiz, bukaeran helduko zaio, piztina klimatizatua dutela esaten diotenean. Ur gainean egiten den meditazio ikastaro batean aritu dira biak, eta Josebak hori ikusi eta gozatzeko aukera izango du.
'Ergoieneko Historias A Bocados', gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.