Audientzia
Binakako Txapelketako partida audientzia-buru izan zen igandean
EiTB
Halaber, ostiraleko 'Go!azen'eko atala denboraldi honetako ikusiena izan zen.
Igande arratsaldez Eibarko Astelenatik emititu zen Olaizola II-Albisu / Irribarria-Zabaleta partida audientzia-buru izan zen %13,8ko kuotarekin. Euskaldunen artean, gainera, %15,6ra iritsi zen. 217.000 laguneko audientzia metatua eskuratu zuen Binakako Txapelketako norgehiagokak Euskadin eta eragin eremuan.
Bestalde, 'Go!azen' telesailak datu bikainak izan zituen joan den ostiralean: denboraldiko atalik ikusiena izateaz gain, nagusi izan zen 4-12 urte bitarteko haurren artean, %37,4ko kuotarekin, eta euskaldunen artean, %14,8ko kuotarekin. 67.000 lagunek bat egin zuten Basakabiko udalekuetako protagonisten abenturekin Euskadin eta eragin eremuan.
Beste bi emanaldi ere nabarmendu dira asteburu honetan ETB1en. Batetik, Golden Apple Quartet Donostian kontzertua larunbat gauetako 'Oholtzan' saioko azken urteotako emanaldirik ikusiena izan da. %6,4ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko %13,5eko kuota bereganatu zuen. 181.000 ikus-entzulek bat egin zuten emanaldiarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan.
Bestetik, 'Herri Txiki, Infernu Handi'k Lazkaoko herriari eskaini zion atalak ere datu politak izan zituen: %5,0ko kuota, euskaldunen artean %14,1ra helduz, eta 130.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan.