Itxi

19:30ean

'El Conquistador del Pacífico'ren aurrestreinaldia, gaur iluntzean, Bilbon

EiTB

Leer en Castellano

Abenturaren lehen atala izango da ikusgai BBK Salan, 19:30ean. Bertan izango dira saioko lehiakide, kapitain, aurkezle eta partaide ohiak.

El Conquistador del Pacífico

Gaur, 'El Conquistador del Pacífico'ren abenturaren lehen atalaren aurrestreinaldia egingo du ETBk Bilboko BBK Salan (Gran Vía 19-21), 19:30ean. Bertan izango dira, besteak beste, kapitain, aurkezle eta saioaren aurreko edizioetako parte hartzaileak.

Emankizunera bertaratu nahi duen orok oraindik gonbidapena lortzeko aukera du BBK Aretoan leihatilako ordutegian (11:00-13:30 eta 16:30-20:30).

Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Patxi Alonso saioaren produktore eragile eta aurkezleak, Joxan Goñi eta Txema Montoya zuzendariek, Julian Iantzi aurkezleak eta baita saioko beste partaide eta partaide ohi ezagunek ere: Eneko Van Horenbeke, Nakor Markez, David Seco, Jose Luis Korta, Isabel Landa, Ismael Mateo, Telmo Aldaz, Aner Gorrotxategi eta abar.

'El Conquistador'en 15. edizio honek Panamako Las Perlas irlak izango ditu eszenatoki. Pazifiko basatiari aurre egin beharko diete aurtengo ekinaldiko 33 lehiakideek.

Hasiera ikusgarria

Lehen atalean lehorreratzea ikusgarria izango da, lehiaketaren 15 urte hauetako lehorreratzerik gogoangarrienetakoa. Abioneta, helikoptero, itsasontzi eta Emberá tribuko kideen ongietorriak bihurtuko dute saioaren hasiera galdu behar ez den ikuskizun.

Eta hastapen horretan denetarik izan dadin, lehen Inmunitate Jokoari ere ekingo diote. Jokoa hiru taldeen hotelean hasiko da. Saioak taldeko bina ordezkari aukeratuko ditu, hauek Julianen azalpenak entzun eta proba nola egin behar den gainerako lehiakideei konta diezaieten. Gorriek, berdeek eta urdinek hondartzaraino egingo dute igeri eta hondarretara urperaturik dagoen kanoia eramango dute eta karga lehertarazi. Irabazten duen taldea kanpamendu aberatsera joango da, bigarren sailkatua kanpamendu behartsura eta galtzaileak kanpamendu oso behartsuan egongo dira. Talde berdeko ordezkariak Etxaniz eta Arantxa dira, Asier eta Leire Ukelele talde gorrikoak, eta Andoni eta Pili urdinekoak.

'El Conquistador del Pacífico' urtarrilaren 7an jarri zen abian Miramonen ospatutako gala handiarekin. Bertan, 33 lehiakideen inguruko xehetasunak ezagutu genituen eta lehen kapitaina nor izango zen eman zen jakitera: Eneko Van Horenbeke. Gala ordutegi nagusiko saiorik ikusiena izan zen Euskadin. Hasiera ezin hobea 'El Conquistador'en ediziorik bikainenarentzat.

Abenturaren lehen atala datorren astelehenean, urtarrilaren 14an izango da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en 22:30ean.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (2)