20:00etan
'Historias a Bocados' saioa Ozetan ibiliko da gaur
EiTB
Joseba Arguiñanok Arabako kontzeju honetako hainbat bizilagunekin hitz egingo du.
'Historias a Bocados' saioa Barrundia Arabako udalerriko Ozeta herrian izango da gaur. Bertan, Joseba Arguiñano hainbat bizilagunekin arituko da hizketan, jaki gozoak prestatu eta dastatzen dituzten bitartean.
Julio Uriarte (82 urte) eta Julia Garcia Albeniz (77) senar-emazteak Ozetako etxebizitza berezi batean bizi dira. Hainbat mende dituen etxearen barruan abandonatutako eliza bat ere badago, gaur egun biltegi gisa erabiltzen dutena.
Susana Lopez de Ullibarri (47) Barrundiako Ekonomatuko presidentea da. 150 bazkide dituen ekonomatu berezia da, eta helburu garbia du: elkartasunezko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatu, hurbileko produktuekin ekoizle eta kontsumitzaileen arteko lotura indartzeko.
Nekazaritza arloa bultzatzea du xede, halaber, Garaion kultura elkarteak. Amaia Gabilondo (52) eta Julia Lopezekin (56) bilduko da Arguiñano. Elkarteak hiru oinarri ditu: sormena, natura eta euskal ondare soziala. Azken horretan, gure arbasoen arte eta lanbideak eta euskara bera sartzen dira.
'Historias a Bocados' 20:00etan izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.