'El Conquis'en 3. atala
Eneko, atsekabetuta Jonek saioa utzi duelako baina lasaituta Pili kanporatu dutelako
EiTB
Berdeek irabazi dute immunitate jokoa, urdinak geratu dira bigarren eta gorriek galdu dute. Caballok Pili kanporatu du dueluan.
Talde urdinaren sarraskiarekin jarraituz, Angosoek bi kide galdu dituzte "El Conquistador del Pacífico" saioaren 3. atalean. Pilik, behintzat, dueluan borroka egin du, baina Jonek abentura uztea erabaki du; izan ere, gau txarra igaro du, eta deshidratatuta zegoen kanpamentu oso txiroan bi gau igaro ondoren. Bilbotarra Enekoren laguntzarekin atera da kanpamentutik, eta taldekideei bisita egin eta gainera zetorkien infernutik libratzeko baino ez da itzuli bertara. Jonek borrokatu gabe eman du amore, taldean dagoen giro txarraren eta etorkizun ilunaren beldur.
Pilik, bestalde, ondorioak aztertu gabe jokatu du, eta talde guztiaren aurka eginez atera da saiotik. Enekok kantabriarra arriskuan jarri eta kanporatzeko zuen lehen aukera aprobetxatu du, duelura bidalita. Urdinen kapitainak gogor egin ohi du lan dueluetan laguntzaile lanak egitera eramaten dutenean, baina epel eta gogorik gabe egon da Piliri laguntzen. Castro Urdialeskoak ezin izan du enborra moztu aizkorarekin, Caballo sokarekin oso trakets ibili bada ere. Bereziki mingarriak izan dira Iñakik Piliri buruz egin dituen komentarioak kantabriarrak kanpamentua utzi eta duelura bidean zihoala. Urdinek lasaitua hartuko dute ardi beltza gainetik kendu ostean, baina bestelako zailtasunak ere badituzte oraindik.
Tirolinaren immunitate jokoan, Iñakik eta Luisitok taldean duten garrantzia aldarrikatu dute; bestalde, Enekok erakutsi du ez dela lehiaketako indartsuenetako bat. Angoso taldeko kapitainak ezin izan du hasierako soka pultsuan igo, ezta tirolina zeharkatu ere. Lortu izan balu, bere taldeak desafioa irabaziko zukeen, baina ez du lortu, eta berdeak nagusitu dira. Ibaik, Ikerrek eta Patrik lakua alde batetik bestera zeharkatu dute tirolinaz, eta taldearen bigarren garaipena lortzeko erabakigarriak izan dira. Gorriek huts egin diote Seletari. Kapitaina izan da beste aldera igarotzea lortu duen bakarra, eta sentitu duen ezintasuna adierazi du proban. Bere taldeko giroa nahiko zapuztuta dago: Asierrek ez du taldeko gainerako kideekin ongi konpontzerik lortu, eta Ibonek arazoak izan ditu Glorekin eta Arraterekin bere izaera dela eta.
Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.