20:00etan
'Historias a Bocados' Gabirian izango da gaur
Joseba Arguiñanok bertako sagarren berri izango du, abarkak nola egiten diren ikasiko du eta Baztarrika gaztandegian izango da.
'Historias a Bocados' saioko Joseba Arguiñano Gipuzkoako Gabiria herrian izango da gaur. Besteak beste, bertako sagarren berri izango du, abarkak nola egiten diren ikasiko du eta Baztarrika gaztandegira bisita egingo du.
Hasteko, Arguiñanok Gabino Muruarekin hitzordua egingo du. Euskara irakasle izan da Murua, eta orain erretiroa hartu berri duenez, asti gehiago dauka sagarrondoak zaintzeko. Fruitu-arbola hauetan egiten diren txertaketa motak azalduko dizkio aurkezleari. Gabirian sagarrak garrantzi handia du eta, urtero, Errezil Sagarraren azoka antolatzen dute.
Juan Elgarrestak abarkak eskuz egiteari buruz hitz egingo dio sukaldariari. Bere aitonak egiten zituen bezala egiten dituela kontatuko dio. Aitonarekin umetan pasatako denbora ez du ahazten Juanek. Hartara, larruzko abarka pare bakoitza egiten duenean aitona eta galbidean dagoen lanbidea omentzen ditu.
Goierriko eskualdean kokatuta dagoen herrian Idiazabal gaztak ere egiten dituzte. Joseba gaztazale porrokatua da eta Baztarrika baserriko gaztandegira bisita egingo du. Eli Elgarrestak eta Asier Osinaldek kudeatzen dute elkarrekin gaztandegia. 300 ardiko artaldea ere elkarrekin gobernatzen dute.
'Historias a Bocados' 20:00etan dago ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.