Estreinaldia
ETBk 'Virgilio Leret, El Caballero del Azul' dokumentala aurkeztu du
E.O.
EITB
Virgilio Leret kapitaina 1936ko uztailaren 18an fusilatu zuten. Urtebete lehenago bere asmakizuna patentatu zuen: erreakziozko hegazkinaren lehen motorea.
Virgilio Leret (Iruña 1902-Melilla 1936) armadako kapitain, hegazkilari eta ingeniari mekaniko elektrikariak 1935. urtean erreakziozko motore turbokonpresorea asmatu zuen. Alemanian eta Ingalaterran motore molde hau erabiltzen zuten hegazkinen hegaldiak 1939.eko Bigarren Mundu Gerrara arte ez ziren izan.
Lereten ibilbidea distiratsu bezain bizkorra bat-batean eten zen Melillan hil zutenean. 1936ko uztailaren 17an altxamenduaren kontra egiten zuenean fusilatu zuten. Urte batzuk lehenago, Bartzelonan, Virgilio Leret-ek Carlota O''Neill ezagutu eta harekin ezkondu zen. Idazle eta kazetari honek bere bizitzan arrasto handia utzi zuen. O''Neill, bere aldetik, bere oroimena bizirik izaten saiatu zen.
Virgilio Lereten ibilbidea eta bere lan berritzailea hegazkingintzan ez dira oso aintzat hartuak izan, oharkabean pasa direla esan daiteke. Mikel Donazar Jaunsaras kazetari nafarrak (EITBko ordezkaria Nafarroan) zuzendu duen ordu eta hamar minutuko dokumentalean Virgilio Leret eta bere familiaren historia bildu ditu. Orain arte erakutsi gabeko irudiak ikus daitezke bertan. Lekukoen zuzeneko testigantzak ere bildu dituzte (Leret-en alabenak esate baterako), Atalayón (Melilla) ur hegazkin basean gertatutakoaz. Historialari eta ikertzaile ezagunek hartzen dute parte bertan, Paul Preston, Angel Viñas eta orain gutxi hil den Gabriel Cardona irakasle eta idazleak, esate baterako.
Leret kapitainaren eta bere familiaren patuak, intelektual, profesional eta zientzia gizon eta emakume askoren patua islatzen du. Kontuan izan behar da XX. mende gorabeheratsua zela eta Espainiako Gerra zibil gogor eta gordinaren erdian zirela.
AENA Fundazioaren eta ETBren babesarekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan egin da dokumentala. Astearte honetan Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan aurkeztuko da eta ostegunean Iruñeko Condestable jauregian. ETBk, berriz, ostiralean, martxoaren 18an, emango du Ander Landaburuk gidatzen duen ''''La Noche de Crónicas'''' saioaren barruan, 22:00etan.