22:30ean
'Pumori. Mendiaren alaba' dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Pumori mendian hil ziren bost mendizale euskaldunak gogoratu eta ezbehar horren ondorioz Suku neska nepaldarraren inguruan sortutako istorio hunkigarria azalduko du dokumentalak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2001eko urriaren 17an elur-jausi izugarri batek Sakana-Pumori espedizioko partaide ziren bost gazte euskaldunen bizitza ezabatu zuen Himalaiako Pumori mendian (7.161 m). Ordutik hona, euskaldun bat bera ere ez da ausartu berriro mendi horri aurre egiten.
Hala ere, 22 eta 27 urte bitartean zituzten mendizaleen heriotza tragiko hark inork espero ez zuen maitasun istorio bat sortu zuen. Are gehiago, heriotza haiek bizitza bat salbatzeko balio izan zuten. Elur eta izotz puska erraldoien artean berreskuratutako argazki-kamera batean Sakana-Pumori espedizioan hildako kide baten azken argazkia zegoen, Beñat Arruerena, eta hiru urteko neskatila nepaldar bat agertzen zen bertan: Suku.
Argazki hari esker, Beñat Arrueren gurasoek neskatoa aurkitu zuten, eta urteetan zehar elkartasun eta maitasun harreman bat sortu dute berarekin. Zoritxarrez, Beñaten gurasoek duela bi urte Himalaiara egin zuten azken bidaian oso gaixo topatu zuten Suku, bizitzaren eta heriotzaren arteko borrokan. Bizirauteko aukera bakarra Euskal Herrira etorri eta ospitale batean sendatzea zen. Eta halaxe gertatu zen.
Dokumentalean, Alex Txikonek 17 urtean euskaldunek ukitu ez duten mendiaren madarikazioa apurtu nahi du tontorra zapalduz. Mendian gora egin ahala, Sukuren istorio hunkigarrian eta Sakana-Pumori espedizioaren historian barneratuko gara. Helburu bera dute: heriotza garaitzea eta bizitzari omenaldia egitea.
Kontakizun hau ez da soilik mendiari lotutako istorio bat, mendia maite duten pertsonen arteko maitasun istorioa bat ere bada. 'Pumo' hitzak alaba esan nahi du sherpen hizkuntzan, eta 'ri' mendia da. 'Pumori', beraz, 'mendiaren alaba' da, Suku bezala.
Pumori. Mendiaren alaba dokumentala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.