22:15ean
Espainiako trantsiziora begira jarriko da, gaur gauean, '360º' saioa
EITB
Eider Hurtadok Rodolfo Martin Villa eta Rafael Arias Salgado ministro ohiak eta Rafael Mendizabal Auzitegi Nazionaleko sortzaile eta lehen presidentea elkarrizketatuko ditu, besteak beste.
Eskuineko alderdiek indarra hartu duten momentu honetan, ETB2ko '360º' saioak Francoren diktadura nola amaitu zen aztertuko du. Las cuentas pedientes de la transición erreportajeak Estatuak bizi izan zuen erregimen aldaketak egitura frankistekin amaitu ote zuen aztertuko du.
Izan ere, azkeneko ministro frankista gehienak enpresa pribatuetan kargu garrantzitsuak lortu zituzten, eta gaur egun, Espainiako familiarik aberatsenen artean daude. Halaber, frankismo garaiko epaileek Estatuko epaitegi nagusienetan ardura karguak izaten jarraitu zuten.
Eider Hurtado, '360º' saioko aurkezle eta zuzendaria, Madrilera joango da. Bertan, Rodolfo Martin Villa Gobernazio ministro ohiarekin elkartuko da. Bere agintepean, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko San Fermin jaietan Iruñean izandako gertakariei buruz galdetuko dio. Martin Villak politika utzi zuenean, Endesako presidente izatera pasa zen. Ate birakarien gaiari erreparatuko diote, garai hartako politikari gehienek botere kuota handia mantendu baitute gerora.
Horrez gain, Adolfo Suarez, Leopoldo Calvo Sotelo eta Jose Mª Aznar presidenteen gobernuetan ministro izandako Rafael Arias Salgado elkarrizketatuko du Eider Hurtadok. Arias Salgadok ardura handiko karguak izan ditu Carrefour eta Prosegur enpresatan politika utzi ondoren.
Bestalde, frankismo garaiko Ordena Publikoko Auzitegian lan egindako epaileek euren karguak mantendu zituzten demokrazian sortutako Auzitegi Nazionalean eta Auzitegi Gorenean. Eider Hurtadok Rafael Mendizabal Auzitegi Nazionaleko lehen presidentea elkarrizketatuko du. Trantsizio garaian Justizia zuzendaria izan zen eta epaileen organigrama berak erabakitzen zuela onartuko du.
Trantsizioaren inguruko iritzi oso ezberdinak dituzten pertsonen testigantzak bilduko dituzte: Jose Manuel García Margallo, UCDko diputatua izan zena; Cristina Almeida, Atotxako hilketaren kasuko abokatua; Mitxel Unzueta, EAJ/PNVko senataria 1977-1982 urte bitartean, eta Fernando Onega, Adolfo Suarezen prentsa burua.
Amaitzeko, Mariano Sanchez Soler kazetariak inoiz argitaratu ez diren trantsizioaren datuak emango ditu.
'360º' saioak Las cuentas pendientes de la transición erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.