Estreinaldia
Euskal Telebistak 'Green Book' estreinatuko du esklusiban
EiTB
ETBk Oscar sarietako pelikula irabazlea telebistan eskaintzeko eskubideak ditu.
Euskal Telebistak Green Book, Oscar sarietako pelikula irabazlea, estreinatuko du telebistan esklusiban, emisio eskubideak erosi ondoren. Viggo Mortensen eta Mahershala Ali aktoreak protagonista dituen pelikulak hiru Oscar irabazi ditu: pelikula onenaren saria, jatorrizko gidoi onenarena eta Mahershala Alik jaso duen bigarren mailako aktore onenarena.
1960an girotutako pelikula honek Tony Lipen (Viggo Mortensen) istorioa kontatzen du: Bronxeko italiar-amerikar zakarrak, Don Shirley pianista beltz iaio eta trebearen gidari lanak egingo ditu, AEBko hegoaldean egingo duen kontzertu sorta batean. Bidaian zehar, 'liburu berdea' izan beharko dute kontuan, afro-amerikarrak onartzen dituzten lokalen zerrenda jasotzen duen lana.