22:30ean
Arantxa eta Ibon 'El Conquis'en izango dira, gaur gauean, egurra emateko prest
EiTB
Donostiarrak abenturaren baitan egindako ibilbidearen inguruko hainbat azalpen eman beharko ditu.
Arantxak eta, batez ere, Ibonen presentziak bazterrak nahastuko ditu gaur gauean 'El Conquis del Pacífico' eztabaida-saioan. Eztabaida benetan beroa izango dela espero da. Ika-mika pizteko erraztasuna duen talde gorriko lehiakideak talde berdeko arerioa kanporatu zuen eta, ondoren, abentura uzten zuela esan zuen, negar malkotan. Donostiarrak azalpen asko eman beharko ditu. Zergatik ez zion Arantxari irabazten utzi? Lesioa izanagatik ere, abenturan jarrai al zezakeen? Talde gorrian berak agintzen al zuen eta Manu Maritxalarren egonaldia zapuzteko ardura berak al zeukan? Galdera asko daude airean eta oraindik ikusi gabeko irudi asko ikusi ahal izango ditugu. Esaterako, dueluko laguntzaileak kanpamentura itzuli zirenekoak, posta iritsi zenekoa, kanporatuen aitortza, 12. atalaren aurrerapena eta sorpresa asko.
Arantxa eta Ibonekin batera, betiko legez, conquistologoek mihia zorroztuta eta hitz egiteko prest azalduko dira asteazkeneko saioan; Txurruk eta Ainhoak Gazteako setetik giroa animatuko dute eta Humberto Gutierrezek beste pertsonaia bat hezurmamituko du.
'El Conquis del Pacífico', asteazkenero ikusgai, 'Eguraldia' tartearen ondotik, 22:30ak aldera, ETB2n eta eitb.eus-en.