Itxi

'El Conquis'en 14. atala

Asierrek Iñaki kanporatu du gorrien eta urdinen 'ardi beltzen' arteko dueluan

EiTB

Leer en Castellano

Berdeek irabazi dute akuilu-makuiluen immunitate jokoa, eta urdinek, aldiz, galdu. Iñakik eta Luisitok eztabaida izugarria izan dute.

Iñaki Aizpun "El Conquistador del Pacífico" saioko lehiakidea, duelua galdu berritan

Eneko kanporatu ostean, kontuak garbitzeko ordua iritsi zaio talde urdinari "El Conquistador del Pacífico" saioaren 14. atalean. David Seco kapitain bakar bezala zuen taldeak adorerik gabe eta Iñakiren iragarpen ezkorrekin egin dio aurre immunitate jokoari. Iñakik taldearen ahulezien berri eman du ahal izan duen guztietan.

Urdinek jokoa galdu dute, eta Iñakik, bere frustrazioa husteko, Davidi egotzi dio lider ona ez izatea, Eneko bere kapitain kutunarekin alderatuz. David Secok, Leti Sanek eta, batez ere Luisitok, haren kontra egin dute. Jokoaren ondorengo eztabaida handia izan bada, are handiagoa izan da bileran izan duten iskanbila zakarra: Luisito eta Iñaki elkar irainduz hasi dira liskarrean. Polemikatik at geratu den bakarra Andoni izan da; honek ez du inoiz ezkutatu australiarrarekin duen kidetasun "mistikoa". Egia esan, Iñakik minduta eta duelura joateko arriskuan bukatu du bilera, bere kanporatzea izango zenaren bezpera bezala.

Dueluan izan duen arerioa talde gorrian sarritan arriskuan izan den lagun bat izan da: Asier. Gallartako lehiakide berezia "zezen" grinatsua da, baina deskuiduen ondorioz akatsak izan ditzake. Dueluan, adibidez, haurrek egiten dituzten moduko hutsegite bat egin du: bukaerara iritsi aurretik, zuzi bat piztu du suontzi batean eta bertan utzi du, jokoa amaitu duelakoan. Seletak izugarrizko oihuak egin dizkio eta Asierrek duelua behar bezala bukatu du. Iñaki ahuldurik heldu da duelura, taldekideen irainen artean, eta ez da gai izan egoerari aurre egin eta behar bezala lehiatzeko.

Bitartean, talde gorrian porrot giroan murgildurik daude eta ezin dira hortik atera. Prestatzen dituzten estrategiek ez diete garaipenik ematen, kapitainek oihu egiten dute nahaste-borrastearen erdian eta taldekideak asaldatzen dituzte… Ondorioz, janaririk eta indarrik gabe daude. Gurpil zoro horretatik ateratzea utopia bilakatu da Manu, Seleta eta gainerakoentzat. Konturatzen direnerako, bateratze fasera iritsiko dira.

Berdeentzat, aldiz, abentura garaipenez betetako ibilbide bilakatzen ari da. Garaipenen ondorioz, Maiderrek mutilen eta kapitainen artean sortzen dituen tirabirak estali egiten dira. Porrotak edo izendapenak iristen direnean, gerrikoa estutu eta otoitz egin beharko dute Maiderrek berriz ere ez jokatzeko ondorioak aztertu gabe.

Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieran atarian ikus daitezke.

Informazio gehiago (2)