Itxi

'El Conquis'en 16. atala

Caballok lortu du bateratzerako azken txartela, Gorka duelu epiko batean kanporatuta

EiTB

Leer en Castellano

Gorka Caballo kanporatzeko zorian egon da makila mozkorren dueluan. Berdeek irabazi dute taldekako azken immunitate jokoa.

Gorka goruntz begira makila mozkorren dueluan. Irudia: EiTB

'El Conquistador del Pacífico' saioa dimentsio zoragarri berri batean sartuko da 16. atalaren ostean. Bateratzea berehala iritsiko da, eta Gorka izan da abenturatik kanpo gelditu den azken lehiakidea. Une mingarria izan bada ere, epikoa izan da Caballoren aurkako duelua, eta, azenik, nafarrak bere ahalmen fisikoa erakutsi du. Makila mozkorren duelua ziurrenik edizioko zirraragarriena izan da. Gorkak garesti saldu du porrota: azken igoeran langa heltzekotan eta, ondorioz, Caballo kanporatzekotan izan da. Debako lehiakidea etxera bidean da, harro egoteko bezalako ibilbidearen ostean. Egia da lehiakide askok eta sare sozialetan iritzia ematen duten jarraitzaile batzuek uste dutela Gorka ez zela esaten zuena bezain indartsua… Dena den, Eneko eta David bere kapitainentzat Angosó taldeko indartsuena zen.

Talde gorriaren bilera izan da Gorkaren azken aukera duelua ekiditeko, baina haren patua idatzita zegoen. Gorriek haren aurrean iltzatu dituzte lantzak, eta saioak Manuren jokaldia zapuztu du. Izan ere, kapitainak Gorkaren aurka egin nahi zuen duelua gero berariaz galtzeko. Bateratze duelura iristea ez da inorentzat doakoa izan behar, eta 'El Conquistador' saioaren ikusleek ez zuten merezi horrelako plantarik. Kapitainek Caballo aukeratu dute, eta ahaztezina izan da nafarrak une horretan jarri duen aurpegia. Manuk erabaki du Asier berriz ez bidaltzea duelura, eta immunitate jokoan parte hartu ez duen lehiakide bat hautatzea. Zergatik ez dute aukeratu Iñaki? Manu eta Seleta asteazkenetako eztabaida saiora doazenean jakingo dugu.

16. ataleko beste agur handi bat kapitain berdeena izan da; immunitate jokoan garaipena lortu ostean, arrosa kolorekoa izan da Patri eta Nagoreren azken eguna. Maiderrekin izandako eztabaidak alde batera gelditu dira, eta festa aparta egin dute; igerilekuan izan dira, janaria eta garagardoa izan dute eta masajeak hartu dituzte. Kapitainek taldekideei utzitako mezua ohikoa izan da: kolore berdearekiko leialak izan behar dira amaieraraino. Ikusteko dago Leti Sanek eta Luisitok garaipena lortzeko borrokan izango duten papera. Biek ala biek erakutsi dute estratega onak direla, eta gorrien eta berdeen arteko borrokak mesede egin lekieke talde urdineko umezurtzei.

Ez galdu 'El Conquistador del Pacífico', astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.

Informazio gehiago (2)