22:30ean
Liverpoolen izango da 'Vascos por el Mundo' saioa gaur gauean
EiTB
Amaiur Elizari kazetariak The Beatles talde mitikoaren hiria ezagutuko du bertan bizi diren lau euskaldunen eskutik: Ainara, Jennifer, Naiara eta Javi.
Gaur gauean, 'Vascos por el Mundo' saioak Liverpoolera eramango gaitu, The Beatles talde mitikoaren sorterrira. Amaiur Elizari kazetariak hiriak gordetzen dituen sekretuak ezagutuko ditu, bertan bizi diren lau euskaldun gidari dituela: Ainara, Jennifer, Naiara eta Javi.
Bigarren Mundu Gerraren garaian, nazien bonbardaketek suntsitu egin zuten hiria, baina ondorengo modernizazio eta berreraikuntza prozesua arrakasta eredua izan da mundu osoan. Gainera, nabarmentzeko moduko abangoardia kulturala dago bertan.
Hala ere, Liverpool ez da musika eta kultura bakarrik, kirolak ere garrantzi handia du bertako biztanleentzat, futbolak bereziki. Hiriko bi taldeak ospe handikoak dira nazioartean: Liverpool eta Everton.
Hiri magikoa da Liverpool, kultur eskaintza anitzekoa, eta, bertako biztanleen iritziz, Bilbok duen nortasunaren antz handia du. Horregatik, 'Ingalaterrako Bilbo' izenarekin ere ezagutzen dute.
'Vascos por el Mundo' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.