Itxi

22:15ean

Frankismoan torturak jasandako biktimen testigantzak, gaur gauean, '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Eider Hurtadok aurkeztuta, zortzi biktimaren testigantzak bildu ditu 'Itziarren semeak' izeneko erreportajeak. Jasandakoa kontatu eta justizia eskatzen dute.

Eider Hurtado, 360º saioko aurkezlea. Argazkia: EITB

'Itziarren semeak' izeneko erreportajea eskainiko du gaur Eider Hurtadok gidatzen duen ETB2ko '360º' saioak. Bertan, frankismoan torturak jasan zituzten biktimen testigantza zuzenak bildu dituzte.

2019ko urtarrilaren 16an sei pertsonak salaketa jarri zuten Tolosako Instrukzio Epaitegian, bertako Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturak salatzeko. 1975 eta 1976 bitartean jasan zituzten tortura horiek, Jesús Muñecas Aguilar kapitaina bertako arduraduna zela. Martxoaren 6an lau salaketa berri jarri zituzten Donostiako Epaitegian, eta beste batzuk zain daude.

Asko dira Muñecas kapitainaren biktima zuzenak, tartean Ondarroako Arrizabalaga anaiak. Horietako batek inspiratu zuen 'Itziarren semea' abestia, torturaren aurkako himno bihurtu zena. Beste kasuetako bat Amparo Arangoarena izan zen, eta torturatutako bere gorputzaren argazkiek oihartzun handia izan zuten nazioartean. Estreinakoz, agerikoa zen errealitate eztabaidaezin bat.

Aste honetako saioan, zortzi biktimaren hitzak jaso dituzte, eta frankismo garaian jasandako torturen testigantza eman, euren egia kontatu eta justizia eskatu dute bertan. Muñecas kapitainaren kontra nazioarteko atxiloketa agindua eman zuen Servini epaileak, gizateriaren aurkako delitua egotzita. Muñecas, baina, ez da inongo ziegatan izan auzi horrekin lotuta.

'360º' saioa gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)