Itxi

ETB2n, 22:15ean

Erorien Haranari buruzko erreportajea, gaur gauean, '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Eider Hurtado bertara joango da bisitan, Paco Etxeberriarekin batera, lekuak gordetzen dituen sekretuak ikertzera.

Eider Hurtado, Erorien Haranean.

Francisco Franco diktadorearen hezurrak Erorien Haranetik ateratzeko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, leku honek gordetzen dituen sekretuak agerian jartzen saiatuko da '360º' saioa. Eider Hurtadok Paco Etxeberria auzitegi-medikuaren laguntza izango du horretarako.

Alcala de Henaresen dagoen Administrazioaren Artxibo Nagusira joango dira. Bertan dute gordeta Erorien Haranean lurperatutako gorpuzkien lekualdatzeari buruzko informazio guztia. Errepublikano errepresaliatu askoren gorpuak senideen baimenik gabe eraman zituzten bertara, zenbait kasutan familiak ezer jakin gabe.

Gorpuzkiak identifika daitezkeen argituko du Paco Etxeberriak. Herritar anonimo askoren hezurrak pilatuta dauden bitartean, Francoren gorputza baltsamatu egin zuten lau medikuk. Horietatik bakarra bizi da gaur egun, Antonio Piga, eta berarekin elkartuko da '360º' saioko lantaldea.

Paco Ferrándiz antropologoarekin ere mintzatuko dira. 2011. urtean Zapaterok Erorien Harana transformatzeko sortutako batzordean hartu zuen parte.

Haraneko tenplua kudeatzen duen komunitate beneditarraren boterearen inguruan ikertuko du Eider Hurtadok. Bertan dauden hezurrak, Francorenak tartean, ateratzearen aurka daude. Lapeña anaien kasua daraman Eduardo Ranz abokatuarekin eta Carlos García de Andoin teologoarekin hitz egingo dute horretaz.

Erorien Haranari buruzko erreportajea gaur izango dugu ikusgai '360º' saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)