Itxi

M26

Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako hauteskunde eztabaidak, gaur, ETB2n

EiTB

Leer en Castellano

22:30ean, ETB2n deskonexioan eskainiko dira LTD eta Euskaltelen bidez, eta eitb.eus-en aldi berean jarraitu ahal izango dira lau eztabaidak.

Maiatzaren 26ko hauteskundeen logoa EiTBn. Irudia: EiTB

Gaur, ETB2n eta eitb.eus-en, 22:30ean, lau hauteskunde eztabaida eskainiko dira. Bertan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldungaiek eta Nafarroako Parlamenturako zerrendaburuek hartuko dute parte. Debateak deskonexioan emango dira, eta lurralde bakoitzean bat ikusi ahal izango da LTD eta Euskaltel plataformaren bidez eta eitb.eus webgunean.

Foru Aldundietarako hautagaien arteko debateetan, hautagai bakoitzak aldundirako duen proiektua azaldu eta beste hautagaien ereduekin erkatzeko aukera izango du. Gai estrategikoak eta lehentasunak zeintzuk diren eta hori nola egingo duten galdetuko diete, baita balizko aliantzei buruz ere. Hartara, ekonomia eta fiskalitatea, gizarte politika eta ingurumena, eta balizko itunak izango dituzte hizpide debatean.

Bizkairako eskainiko den eztabaida Xabier Garcia Ramsdenek gidatuko du, eta Bizkaiko Foru Aldundirako bost hautagaiek hartuko dute parte: Unai Rementeria (EAJ/PNV), Bea Ilardia (EH Bildu), Teresa Laespada (PSE-EE), Amaya Fernandez (PP) eta Eneritz de Madariaga (Elkarrekin Podemos).

Juan Carlos Etxeberriak gidatuko du Gipuzkoarako eztabaida, eta Aldundirako hautagai hauek bilduko ditu: Markel Olano (EAJ/PNV), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Denis Itsaso (PSE-EE), María Valiente (Elkarrekin Podemos) eta Juan Carlos Cano (PP).

Halaber, Arabako Foru Aldundirako debateak Estibaliz Ruiz de Azua izango du gidari, eta hautagai hauek arituko dira: Iñaki Oyarzabal (PP), Kike Fernandez de Pinedo (EH Bildu), Ramiro Gonzalez (EAJ/PNV), Cristina Gonzalez (PSE-EE) eta Arantxa Abecia (Elkarrekin Podemos).

Azkenik, laugarren debatea Susana Erroz kazetariak gidatuko du, eta Nafarroako Gobernurako hautagaiak batuko ditu: Carlos Perez Nievas (Navarra Suma), Uxue Barkos (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Ahal Dugu Nafarroa), Maria Chivite (PSN) eta Marisa de Simon (I-E). Honako gaiak jorratuko dituzte: zerga politika, autogobernua, Estatuarekin dituzten harremanak, gizarte politikak eta balizko itunak.

Informazio gehiago (1)